Angel Erro.
JIRA

Bridgertondarrak

2021eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Ez dut amaitu. Liburua balitz, aspaldi utziko nuen. Baina iruditan errazagoa da aurrera egitea. Aurpegi batek edo bular iletsu bat berriz ikusteko ilusioak bide malkarra zelai dezake. Beraz, Bridgerton telesailetik falta zaizkidan bi atalak ikusiko ditut. Ez nau lar harritu piztu den polemikak, aldi historiko horretan maila (goren) horretaraino ematen ez zen arraza-bizikidetza pantailaratzea onerako ala txarrerako den. Edo ekoizpenaren anakronismo ugarien artean bestetxo bat. Nik ez dut honi buruzkorik deus esanen. Neurri batean iritzia azaldu nuelako (eta ez naiz neure burua gezurtatzen ausartzen, honi helduz gero, agian eginen nukeen bezala) ekainean Hollywood telesailari buruz idaztean, bertan beltzak eta gayak nola agertzen diren, Eztitu edo ezkutatu izeneko zutabe batean.

Azken ika-mika honetan, dena den, gehien harritu nauena da inork aipatu ez izana telesaila zeinen txarra den. Eredutzat jarraitzen duen Jane Austen eta enparauen giro eta peripeziak zeinen zakar imitatzen dituen, ikusle guztiak nerabeak balira eta nerabe mantendu nahi balitu bezala.

Saiakerak eraginen ditu, hala ere, akademikoek edozein kaka balia baitezakete gogoeta sakonetarako, haiek irenstearen ondorioez gutxitan hausnartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.