Angel Erro.
JIRA

Eskubideen pisuaz

2019ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Atzo esan genuenez, giza eskubideek pertsona guztiak berdinak garela ezartzen dute. Demagun hala dela. Arazoa, beharbada, beste toki batean dago. Agian giza eskubideak dira berdinak ez direnak. Grabitatearen arabera pisuak balio bat edo beste bat izan dezakeen modu berean (ilargian ez ditugu lurrean ditugun kilo berak), nork daki giza eskubideek ere ez duten tokian tokiko pisu espezifiko bat. Hala bada, eta zantzu guztiek hala dela pentsatzera daramate, Venezuelan giza eskubideak dentsitate handikoak dira. Hor urratzen direnean (eta demagun Maduroren azken aldiko ekintzek zalantzaren bat piztu dezaketela), mundua hara makurtu bezala egiten baita, beste toki batzuetan diren urraketa larriago eta deigarriagoen gainetik. Mundua, esan dut, baina munduaren adiera murriztaile batez ari naizela ulertu behar da.

Nire teoria egiazkoa izatera, jarraitu beharko genuke ikertzen ez ote dagoen harreman zuzen bat tokian tokiko giza eskubideen grabitate ezberdinaren eta lurralde bakoitzaren lurrazpiko erregai fosilen artean. Edo erregai fosil horien kontrola nork duen. Baina azken hipotesi honek beharbada utziko zion tankera zientifiko serioa izateari, gizadiaren ezaguera eta aurrebidearen kalterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.