Angel Erro.
JIRA

Aberri mugikorra (II)

2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Atzokoan, Aberri Egunaren ostean edo Aste Santuaren bueltan, ez nintzen hemen turismoaz idazten bakarra izan. Lagun pare batek ikusarazi zidaten, akusazio estaliaren tonuan, zehaztu ez arren zerena. Hausnarrera bulkatu ninduen, halere. Euskal Herrian berandu iritsi gara mendebaldeko arazo arruntenetara, Europaren patu eta madarikaziora. Hemen bizi izandako gatazka eta bortxa galga ere izan da. Irri egiten genien (nik behintzat egin izan diet), bonben beldur, gurera bisitan etortzeko uzkurtasuna aitortzen zutenei. Baina, bitartean, orain jasan behar dugunaren hazia ereinez gindoazen: halako pintoreskotasun harro eta buruiritzia. Euskal literaturaren turistifikazioa aipatu izan du Iban Zalduak begi zorrotzez. Lehenagotik gentrifikatzen hasita geunden. Denak erakutsiko luke, hala sinbolikoki nola aldarteari dagokionez, ezustean harrapatu gaituztela gatazkaren etenak eta bere ondorio bulgarizatzaileek. Epikatik kanpoko herrigintzan aurrera nola egin asmatu gabe. Inguruko herri guztiak bezalakoak izatera berandu iritsi izanak abantailaren bat ekarriko zigulakoan nengoen.

Aitortu behar dut Lyra McKeeren erailketa gogoan izan dudala testu hau idatzi bitartean, gogoetara ekartzera ausartu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.