Angel Erro.
JIRA

Epaiaren tranpa

2019ko urriaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nafarroako Auzitegi Nagusiak eman duen azken epaiak tranpa egiten du. Euskara ezinen da baloratu erkidegoaren zona misto eta ez-euskaldunean, zeinetan, paradoxikoki, Nafarroako euskaldunen gehienak bizi, hazi, elebakarrei euskara inposatu eta hiltzen diren. Baloratu ezin den hizkuntza bakar bihurtuko da euskara (orain nik jarriko nuke beste hizkuntzak baloratzearen kontrako kereila, sententzia honen argudioak kopiatuta hitzez hitz, ea ausartzen diren ingelesa, frantsesa edo alemana jakiteak oposizio-lehiaketetan eman ohi dituen puntuak ere debekatzen edo, subsidiarioki, burutu duten zentzugabekeriaz jabetzen diren).

Hizkuntza, dio epaiak, herritar bakoitzaren eskubidea da, ez Administrazioarena. Baina ematen du herritar bakoitzak duen eskubide hori ez dela linguistikoa, funtzionarioa izateko bidean trabarik ez izatekoa (eta euskara ez ikustekoa) baizik. Hala erakusten dute euskara eskakizun txikienak ere lehen mailako herritarrak (%7, gehitzen dute oker eta maltzurki, euskaldunak alegia) eta bigarren mailakoak ezartzen dituela zabaltzen dutenek. Herritar bakoitzaren eskubidea linguistikoa balitz, Administrazioak bermatu beharko luke. Euskara ez da pribilegio bat. Beste hizkuntza bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.