Angel Erro.
JIRA

Beste aldera begira

2022ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Errusiak Ukraina inbaditu zuen unetik beretik jende askok seinalatu du gatazka horrek sortzen duen arreta mediatiko eta bestelakoaren zatiño bat mereziko lukeela Israel Palestinarekin burutzen ari denak ere. Konparazioak gorrotagarriak omen dira, eta buru-zuriketarako balia daitezke askotan, baina argigarriak ere badira, eta mingarriak. Israelgo soldaduek prentsako txalekoa agerian zeraman kazetari bat hil berri dute. Salaketak eta arrangurak sarri gabe paper bustia izanen dira. Ez dute inolako neurririk, enbargo edo zigor berezirik eraginen nazioarteko komunitatean. Erraza da horren errua nork duen, hitz gorrotagarri, argigarri eta mingarri batek: geopolitika.

Interes multzo handi eta egoista batek Mendebaleko herrialdeei begi beste eginarazten diete; esaterako, 2000. urtetik gaur egunera arte Israelgo estatuak berrogeita hamar bat kazetari palestinar hil ditu. Buruan tiroa emandako Xireen Abu Akleh-rena, beraz, ez da kasu isolatua izan, irudien gordinagatik eta berriemaile beteranoaren garrantziagatik nolabait entzutetsu bihurtu den arren, orain arte honetaz idatzi ez dudan honek ere arreta eskaintzeraino, pentsa, paper bustia izatera deitutako salaketa edo arrangura honekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.