Angel Erro.
JIRA

Errealitatea

2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Igandean ohera joan nintzen Italiako hauteskundeak itxi ondoko lehen inkesten emaitza etsigarria ikusi eta berehala, berretsi gabe, beharbada hurrengo goizean datu ofizialek gezurtatuko zutelako itxaropenarekin. Faxismoaren garaipen historikoa gau batez bada ere geroratzea opatu nahi izan nion neure buruari eta Europari.

Errealitatea ukatzea, dena den, ez al da honetara ekarri gaituena? Hauteskundeen emaitzak ez dira gertakari meteorologikoak. Ez bakarrik FdI Fratellid'Italia alderdiari, harekin koalizioan joandako beste alderdiei ere boza emandako italiar guztiek bazekiten nor bihurtuko zuten gobernuburu. Zer da kezkagarriagoa, ideia faxistak defendatzen dituen agintari faxista (edo zehazkiago post-faxista) bati babesa emateko prest dauden hainbeste lagun hainbeste faxista (edo zehazkiago post-faxista) egotea, ala haietako asko engainatuak izan direla edo arduragabe jokatu dutela pentsatzea?

Bigarren aukerari, ustez lasaigarriagoari, heldu beharko diogu, errealitateari uko egitea biziraute estrategia delako. Baina horrek ez ditu astelehen goizean irakurri ditudan periodikoetako goiburuak aldatu. Horrek ez du Italian hemendik aurrera minoriek jasan beharko duten errealitate gogorragoa samurtuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.