Angel Erro.
JIRA

Augure Saila

2023ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Bitxia da. Zenbat eta inkesta edo zundaketa gehiago, orduan eta gutxiago fidatzen zara balizko emaitzez eta iragarpenez. Aurten, gainera, halako asko ezagutuko ditugu, hauteskunde urtea baita Hegoaldean. Inor gutxik uste du objektiboak direnik. Aritzearen aritzeaz zientifikotasun usaina galdu dute. Noren zerbitzura, noren mesederako, nor mugiarazi edo nor desakuilatzeko aterako ote zuten hasten gara denok.

Gaur pentsatzen hasi naiz ez ote zen efizienteagoa izanen zuzenean iragarle profesionalen eskutan utziko balituzte aurreikuspen horiek guztiak. Nik uste, Administrazioak augure egokienak hautatzeko oposizioak atera beharko lituzke. Ikusi beharko zen nola antolatu. Azterketek denbora asko hartuko zuten, emaitzak ongi egiaztatuko badira. Meteorologo asko aurkeztuko ziren, bai eta soziologo franko ere, baina nago iritzi artikulugile ia guztiak saiatuko ginela. Jon Pagolak, esaterako, orri hauetatik iragarri du Berri Txarrak taldea oholtzara itzuli arte munduko ezbeharrak ez direla geldituko.

Ni ere aurkeztuko nintzen, jakina. Gaitegia prestatzen hasi naiz: Nafarroako bandera ziklopeoa urratu eta erori ondoren bitan aldatu beharrak hura jarrarazi dutenek ere haizea alde ez eta amilduko direla esan nahi du, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.