Angel Erro.
JIRA

Erantzun errazak

2023ko apirilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lagun batek (berez, lagun baten bikotekideak) egin dit espero gabeko galdera bat. Horren jakitun, lehenagotik abisatu dit galdera agian inpertinente bat izan zitekeela eta mesedez gaizki ez hartzeko; ez erantzuteko aukera ere, berez beti daukaguna, aitortu dit. Bota du: ea ez dudan (berez, ea nire mutilak eta biok ez dugun) seme-alabarik izatea planteatu inoiz. Beti sinetsi dutela berak eta nire lagunak, gehitu du, oso aita ona izanen nintzela (oso aita onak izanen ginela). Azken hori balakagarria da berez, pentsatu dut. Ez da burutik pasatu zaidan gauza bakarra. Txantxa bat ote den ere, tranpa-galdera bat pentsatu dut, edo, azkenaldian ernalketa subrogatuaz egon den eztabaida mediatikoaren harira, nire posizionamendua ezagutzeko trikimailu bitxia (ez baitaki euskaraz, eta hemen idatzi izan ditudanak ez dazagutza). Beren seme-alaben ardura hartzeko prest egonen ginen jakin nahiko du, bestela, haiei zerbait gertatuz gero?

Isilaldia agian komeni baino gehiago luzatu dut. Zerbait esan beharko nuke (hori da zutabegile batengandik espero dena), baina galderaren asmoaren arabera erantzuna hain ezberdina litzateke, ez baitakit nondik jo.

Berez, ez dago, sekula, erantzun errazik, erantzun presazkoagoak baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.