Ez dute neguko tomaterik nahi

Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimenduak salatu du Tuestako tomate ustiategi erraldoiak jada 4,7 milioi euro jaso dituela laguntzetan. Proiektua ez dela bideragarria uste dute, eta ez datorrela bat Arabako nekazaritza ereduarekin.

Tuestako ustiategiak ekoizpen hidroponikoa izango du. Irudian, tomate negutegi bat, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2023ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Lurrean landatu gabe, ura erabilita, tomateak ekoitzi nahi dituzte Gaubeako (Araba) negutegi erraldoi batean. Urtarriletik hasi eta abendura bitarte, uda betean nahiz negu gordinean, modu hidroponikoan ekoitzi nahi dituzte tomateak urte osoan saldu ahal izateko. Duela hiru urte jarri zuen martxan proiektua Almeriako (Espainia) enpresa batek, Hispalusek, eta, hainbat arazo tarteko atzeratu egin bada ere, ekainerako espero dute martxan jartzea. Ustiategiak, ordea, nekazari elkarteen eta talde ekologisten arbuioa eragin du hasieratik, iritzi baitiote haren ekoizpen ereduak kalte egiten diola herrialdeko nekazaritza ereduari, eta, bereziki, ekoizle txikiei.

Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua da proiektuaren aurkakoei ahotsa jarri dienetako bat. Askotariko taldeak eta elkarteak biltzen ditu mugimenduak: Bioalai, Bionekazaritza, Arabako sagardogileen elkartea, Ehkolektibo Ekoizpen Orduña, Ekologistak Martxan Araba, Arabako Campuseko Azoka Agroekologikoa, Bidezko Elikadura eta euskal Herriko Hazien sarea. Haien ustetan, proiektua ez da bideragarria, eta are gutxiago jasangarria. «Proiektu hau burbuila bat da, lurraldeari eusten ez diona eta enplegu egonkorrik sortzen ez duena. Ez du elikagairik ekoizten ere, produktu jangarriak baizik», salatu dute.

Erakundeen babesa

Tomate ustiategiak bost futbol zelairen tamaina du, eta gasa erabilita berotuko dute negutegia beharrezkoa zaienean. Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimenduaren esanetan, teknika hori ez dator bat ekonomiaren deskarbonizatzeko egun dagoen beharrarekin: «Energiaren mendekotasun handia duten nekazaritza ekoizpeneko eredu horiek gaindituta dauden beste garai batekoak dira, goi mailako teknologiarekin batera etorri eta oso modernoak iruditu arren».

Proiektua kanpoko enpresa batek bultzatutakoa izan arren, Euskal Herriko bi enpresa ere ari dira parte hartzen, elkarlanean ari baitira Cultivos Araba —Hispalusen filiala dena— eta Barrenetxe kooperatiba. Erakundeen babesa ere jaso badu, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak diruz lagundu baitute negutegiaren eraikuntza. Guztira, ia bost milioi euro jaso ditu proiektuak azken urteetan: lau milioi pasatxo jarri ditu Gasteizko gobernuak, eta milioi erdi inguru diputazioak.

Hain justu, apirilean bertan jaso zuen poltsa horren zatirik handiena: hiru milioi eta erdi nekazaritza produkziorako berrikuntza teknologikoarekin lotutako inbertsio handietarako laguntza gisa.

Gaubeako Udalaren oniritzia ere jaso du proiektuak, herriaren eta eskualdearen garapen ekonomikorako lagungarri izango dela uste baitu. Hain zuzen ere, erakundeen diru laguntzen zati bat horretarako bideratuta egon da. Aldundiak, esaterako, gazteen laneratzea errazteko milioi bat euro eman zion. Eta Lanbideren bitartez eta Hazi fundazioarekin egindako akordioari esker hainbat prestakuntza ikastaro ere egin zituzten, langabezian ziren hainbat pertsona ustiategian lanean hasi zitezen. 150 lanpostu sortu nahi ditu tomate ustiategiak.

Haren aurkakoek, ordea, zalantzan jarri dute haren ekarpena, eta uste dute onurak baino kalte gehiago eragingo dituela: «Ekoizpen eredu horrek ez dio onik egiten ez enplegu duinari, ez lurraldeari. Almeriako eredua oso ezaguna da, eta,hain zuzen ere, ez enplegurako edo bizitzarako baldintza duinak sortu dituelako».

Eroski bezero gisa

Iazko maiatzean hasi nahi zuten ekoizpenarekin, irailean tomateak merkaturatzen hasteko. Baina lehengaien eta energiaren garestitzearen ondorioz, besteak beste, atzeratu beharra izan zuten. Zenbait iturriren arabera, proiektuaren sustatzaileek negutegia zalantzan jarri ere egin zuten, eta hasieran zituzten asmoak eta nahiak ere apaldu zituzten. Gaur egun, nolanahi, bere hartan segitzen du denak.

Enpresaren helburua da Tuestan ekoitzitako tomateak Euskal Herrian bertan merkaturatzea. Eroskiren bitartez egingo luke hori, nahiz eta ez duten baieztatu oraindik. «Lehentasunak argi daude: Almeriako enpresa bateko tomate batzuei txapela jarri, eta Eroskin saldu gero», gaitzetsi dute proiektuaren aurkakoek.

Kontrako iritzia agertu du, aldiz, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak. «Uste dut jasangarriagoa eta ekologikoagoa dela supermerkatuan erosiko ditugun tomate horiek hemen ekoiztea», adierazi dio berriki BERRIAri elkarrizketa batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.