Burumotzak behar ditugu. PSNk dagoeneko ez daki zer hizkuntzatan esan behar digun euskaraz paso egiten duela, euskarak dizerdiola, euskara ez dela bere konturik, ez dela bere cup of tea. Ingelesez ere behar dugu esatea? Erriberan halako ahalegin eleaniztuna egin dute, zortzi hizkuntzatan, gaztelania barne, botoa eskatzeko. Euskara ez zegoen haien artean, jakina. Nola nahi duzue esatea?
Legeen eta legeen kontrako helegiteen bidez egin dute. Atzera botatako dekretuen berritzea hilabeteak eta urteak atzeratuta ere bai. Zer dakit nik. Ezin da esan inola ere esfortzua egin ez dutenik kontua argi uzten. Euskarrietan euskararikez agertzea baino (mespretxu) zuzenagoa izan zitekeelakoan, euskarazko hitzak, gaizki idatzita batzuetan, eraman dituzte afixetara, atzeko hondoaren kolore berean eta letra tamaina, zer dakit nik, bospasei aldiz txikiagoan, y ni por esas.
Hurrengo legealdian, eskuinak alderdi bat edo beste legez kanporatzen hasi baino lehen (boterera iristeko eta bertan iraunarazteko ingeniaritza prestatzen ari dira), euskararen eztabaida mahaigainera ekar diezaioketenez, gauzak lehenagotik argitu nahi dituzte. Zer gehiago nahi duzue, euskarari dioten begirunea berriz azal dezatela edo?

JIRA
Burumotzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu