Angel Erro.
JIRA

Jota

2023ko irailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jeneral matxino batek estatu-kolpea jota, Txileko gobernu legitimoari lurjoarazi zioten (orain jakin da, beti susmatu da, inork ez du inoiz dudarik izan, Ameriketako Estatu Batuen laguntzarekin), atzo duela berrogeita hamar urte. Lurra jo zuten bi dorrek, atzo hogeita bi urte, New Yorken. Atzoko eguneko beste efemeride entzutetsu batek ere, Diadaren oinarrian dagoenak, zerikusia du beste eroriko batekin. Kataluniako Festa Nazionalak Bartzelona borboien eskuetan erori zenekoa ospatzen du.

Jazoera horiek elkarrekin duten lotura azaltzeko modu bat izan daiteke. Beste bat izan daiteke guztietan azkena jo zuela lehenagotik zetorren bizimodu edo legezkotasun batek. Hirurek marka utzi digute. Zeinek handiagoa, iraunkorragoa? Zaila da esaten. Non eta. Hiruren aldeko argudioak pila litzake edonork.

Ni jaio aurretik gertatutako biak ez ditut hain gertutik ezagutu. Halere, dorre bikiek behea jo zutenekoa ia zuzenean ikusi arren, oraindik ez gara gauza eraginek noraino jo dezaketen igartzeko. Ez zuen, nolabait esanda, AEBen konfiantza hautsi eta horrek Trump ekarri, eta Trumpek negazionismoaren garai hau inauguratu? Nahiz eta erlatibismo absolutuak erro sakonagoak eduki behar dituen, gaurdanik begiz ezin ditugunak jo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.