Angel Erro.
JIRA

Jakin-mina

2018ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Jakin-mina du Jodie Fosterrek, elkarrizketa batean bota duenez, zahartzaroak zer ekarriko. Beste elkarrizketa batetik erantzunen balio legez, Michael Cainek esan du, spoilerra eginez, bere adinean ongi dakiela azkena begien bistan duela; kezkabide nagusia heriotza du.

Nabarmena bezain askaezina da kontraesana: ataka txarretik ateratzeko modu bakarra ataka txarra aurreratzea litzateke. Horregatik, nire jakin-min nagusia behar baino lehen hildako jende hurbilak, zahartzaroaren itxaronaldirik gabe joan zitzaigunak, nolako zahartzaroa izanen zuen irudikatuta asebetetzen dut. Kontsolabidea izan daiteke gainbehera ezagutu ez zutela pentsatzea, edo gainbehera onargarri bat izan zutela. Nik, berriz, adin berekoen hondamendian oinarritutako robot irudia sortzen diet gogoan, aldizkako zoriontasunak ekarriko liekeen pozak eztituta. Urtebetetzea izanen luketenean ateratzen ditut kontuak zenbat urte beteko zituzten. Bigarren heriotza, konjeturala, ematen diet edade batez beste hilkor batera iristen direnean, patuarekin berradiskidetuta.

Hurbileko hildakoei ematen diedan alegiazko bizi luzapenarekin erkatu ohi dut hurbileko bizidunen mundualdia eta baita nirea ere, jakin-minez eta kezkabide nagusia txikiagotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.