Angel Erro.
JIRA

Adiskide zaharra

2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Grazia egin behar omen zidan «umoregile» baten berri eman nahi izan zidan iaz lagun batek, haren bideo bat bidalita. Mesfidati ireki eta hirugarren minutuan kartzelako dutxetan erortzen den xaboikiaren txistea egina zuen. Hainbeste abangoardiarik ez, umorean klasikoagoa nintzela esanez erantzun nion. Ez zuen ironia harrapatuko. Aspaldian dugun harremana Whatsapp-eko talde baten bidezkoa da.

Zortzi hilabete igaro dira eta beste bideo bat bidali dit, umorezkoa hau ere, La vida moderna irratsaioaren zati bat, eta bertako Ignatius Farray zer ona den laudatu dit eta galdetu ea inoiz joan naizen ikustera. Esteka ireki dut (saioa inoiz ikusi dut, baina honako hau ez), zergatik bidaliko zidan. Ignatius isil xamar dago, harik eta esan duen arte, ortzadar bandera ikusi orduko, zakil bat jateko gogoa sartzen zaiola. Berriz egin du lagunak. Adiskidetasunak bultzatzen nau fede txarrik gabe ari dela pentsatzera. Baina kezkagarria zait nire sexualitateari umoretik, irainetik ia, baino ezin heltzea, 2002an bageunde bezala, tratu sarria izateari utzi genionean eta, guztiz aldenduz gero, haren oroitzapen ona gordeko nuenean.

Adiskidetasun zaharrak gordetzearen aldeko epika badabil, baina agendak ere egurastu behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.