JIRA

Lan izpiritua

Angel Erro -

2019ko urtarrilak 18
Txantxa badirudi ere, izen bereko lurrina salgai jarri dute. Lurrin dotoreei dagokien moduan frantsesez: Spirit de travail. Berri faltsu horietakoa ez bada, behintzat. Ni sinesteko prest nago. Ez da lan eremutik heldu den notizia harrigarriena, ez iraingarriena ere, langileekiko. Interneten bilatu dut, idaztera jarri baino lehen egiaztatzeko, eta salneurria ere aurkitu dut, hamabost euro (zehaztasunak sinesgarriagoak egiten ditu istorioak) eta ahituta dagoela, ni bezala, aire lurrintzailea erosteko grina nigan biderkatuz (eskaintzaren eskasiak eskaria biderkatzen duela, eta harekin etekina, gauza jakina da kapitalismoan). Ez zitzaidan gaizki etorriko lan egiteko gogoa berotuko zidan esentzia aromatikoren bat. Basoaren erdian edo Arabia betean egotearen irudipen usainduna eskaintzen duten lurrinak baldin badaude, exotismo, natura eta luxuarekiko lotura iradokiz, zergatik ezin digu luxu bihurtzeko bidean dagoen lanaren ebokazioa ekarri perfume batek? Tira, lan ordainduarena. Esklabotzarako eta prekariotasunerako gainbehera honetan, lanaren plusbalioaren banaketa bidezkorik gabe, lurrintzaile batek bultza gaitzake lanera, aski prezio lehiakorrean, gainera, merke-merkea. Ez esan pagotxa ez denik.