Angel Erro.
JIRA

Gaur

2019ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Oso ditut astelehenak gogoko. Nire beste atseginbide anitzekin jazo bezala, inpresioa dut uste orokorraren aurka egiten dudala eta, hori dela kausa, gurago izaten dut sobera ez aldarrikatu. Nire mutil-lagunari ere ez diot sekula aitortu, bera domekan bertan abiatzen baita arneguka erlojua geldiarazi eta biharamuna hel ez dadin. Arreba (berari bai aitortu izan diot) nik asteko lehenak gogoko ditudala beharrik egiten ez dudalako iritzikoa da (behar hitza modu adierazkorrean ahoskatuta). Horrek frogatzen du, batez beste, gure zer berri eskasa dakiten hurbilenek ere.

Astelehenak izaten ditut gogoko lanean hasteko abagunea eskaintzen didatelako (nik abagunea gero nola erabiltzen dudan beste arazo bat da, baina azkenean etekinik ez ateratzeak ez du itxaropena iluntzen). Larunbat eta igandean ero baten moduan jostatu arren, astelehenak maite ditut eguneroko martxak jaiegunek baino parada gehiago eskaintzen didalako neure buruarekin egoteko, ni neu izateko, neure buruaz gogaitzen hasteko hutsetik.

Gogoko ditut astelehenak gaur guzti-guztiak estreinako dirudielako, guztiok geureburuarekin paktatzen hasteko umore onean gaudelako. Eta, denen artean, gaurko egunekoa da gogokoen izaten dudan astelehenetakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.