Angel Erro.
JIRA

Klasikontzi

2019ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Kasualitateak nahi izan du asteburu berean, joandakoan, hogeita lau ordu baino gutxiagoko aldearekin, bi kultur ekoizkin ikus ditzadan, oso desberdinak, baina ustekabeko kointzidentzia bat zeukatenak.

Lehena Lisboako D. Maria II Antzoki Nazionaleko zuzendari artistikoa den Tiago Rodriguesen Sopro antzezlan bitxia. Bertan taula gainera igo du antzoki horretako Cristina Vidal oroitarazle edo hitz-emaile zaharra, bere buruarena eginez. Beltzez jantzita agertzen da eta berarengan oinarritutako obrako antzezleei testua oroitarazi edo «putz» egiten die, desagertzear den ofizioan pilatu dituen pasadizoak eta haien gaineko gogoeta existentzialak aktoreek aletzen dituzten ahala.

Igandean Richard Straussen Capriccio opera ikusi nuen. Ezustean harrapatu ninduen hemen ere oroitarazle bat (honako hau ere zaharra eta tragikomikoa) agertzeak: Monsieur Taupek, oso rol txikian, hiru minutuko esku hartzean aurreguneko auzi guztiak («Ez naiz azalean ibiltzen. Mundu magiko baten subirano ikusezina naiz. Ni loak hartuz gero, aktoreak isildu eta publikoa esnatzen da. Huts egitean baino ezin naiz famatu») azaldu ditu, askoz laburtuago. Berretsi naiz neure klasikontzikerian.

Capriccio bera Antonio Salieriren lan baten remake bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.