Angel Erro.
JIRA

Faktoreen ordena

2019ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Aldaketa txiki-txiki bat egin du bere logotipoan Nafarroako Gobernuak, ia hautemanezina, baina, (nahitako) aldaketa guztiak bezala, adierazgarria: hizkuntza ofizialen hurrenkera aldatu du, gaztelania euskararen aurretik paratzeko. Euskararen kontrako erasoa baino, deskortesia begitantzen zait.

Gogoan dut aspaldian, elebitasun simetrikoaren izenean, ekitaldi publiko askotan, batez ere EAEn edo Nafarroako ekimen gutxi gorabehera euskaltzaleetan, erdarazko mezua helarazi ondoren, gauza bera, edo laburpenean, errepikatzen zela euskaraz. Bizitu dut, edo horren irudipena dut, hizkuntzen hurrenkera aldatzeko garaia ere, horrek euskaraz bazekiena guztia bitan entzun beharretik libratzen ez bazuen ere. Hirugarren moda bat ere ikusi dut, hizkuntza batean eta bestean helarazitako mezuak pixka bat modulatzearena, elebakarrak berdin jasoko duelako erdia eta elebiduna behintzat asper ez dadin. Ni hor gelditu naiz.

Nafarroako Gobernuaren hizkuntzen ordena berriak lehentasuna zein den salatzen du, besterik gabe, ahantz ez dezagun. Suposatzen dut ezinen zaiela deus aurpegiratu, azkenean faktoreen ordenak ez du axolarik. Makurragoa da Iruñeko Udalean UPNk egin duena (Twitterreko izen elebiduna elebakartu). Eta egia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.