Angel Erro.
JIRA

Ezin harrotu

2019ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Kaleko politologia merkeak dio Euskadi (hala esaten dute) oasi bat dela, non ustelkeria hitz arrotza den, erdarakada bat; baina, atzo bertan De Miguel kasuaren epaiarekin ikusi dugunez, oasia ispilatze hutsa da. Modu berean, analisi politiko merke batek Euskadi (hala esaten dute) marrazten du espainiar eskuineko ordezkaririk gabeko erkidego irredentotzat, edo ia-ia. Alde batera utzita horrelako uste-ustelek Nafarroa eta bertako emaitzak alde batera uzten dituztela, larriena da autokonplazentzian amiltzeko dakarten arriskua. Dagoeneko askok gogoratu digutenez, izenak izen eta eserlekuak eserleku, eskuineko edo ultraeskuineko politikei bidea benetan ixtea da kontua, maiz ezkutuan pasatu baitaitezke komenentziazko banderapean.

Fokua Nafarroara eramanda, gauza bera esan daiteke. Ez nau inork ni harropuztuta ikusiko hemen Vox-ek ordezkaririk ez daukalako. Zertaz balio dit datu ziztrin horrek, errealitateak Carlos Salvador, UPNkoa, urte luzeetan nafarren ordezkaria izan dela seinalatzen didanean, ama batek bi alabak hil izanak genero ideologia ukatzeko nazkagarriki erabili berri duena, edo Enrique Maiak Harrotu LGTBI Udal Zentroa desegin nahi duenean, praktikara eramanda beste batzuen mehatxu eta politikak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.