Angel Erro.
JIRA

Obratzen zaila

2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Patentatu dute, baina horrek ez du esan nahi komertzializatuko dutenik derrigorrez; fabrikatu bai, albistegietan agertu ere bai, hortxe ikusi dut nik, esaterako. Gutxiago jendartean zabaldu eta orokortuko denik. Ideia bera da parte txarrekoa eta, halere, sinesgarria oso. Asmatu omen dute bulegoetan eta langileak dauden lantegietan jartzeko moduko komunontzi bat, lan produktibitatea handitzen duena, bide erraz batean, deserosotasunaren bidez: %13ko makurdura dauka, beraz, bertan eserita bost minutu baino gehiago egonez gero, hankek gorputzaren zama luzeagotan ezin eutsita, altxatzeko gogoak hartzen zaitu. Suposatzen dut ikerketaren bat egonen dela, kalkulu zehatza, enpresek zenbat diru galtzen duten langileek komunean (kaka ala kalaka) ematen duten denborarekin; horrelako ikerketa asko egiten dira munduko erakundeetan: langileak komunera gutxiago joanen balira, langileek erreko ez balute, langileek atsedenik hartuko ez balute, langileen oporraldia murriztuko balitz, kaleratzea merkatuko balitz. Ikerketa hauetako askoren atzeko doinuari morrontzaren halako nostalgia bat antzematen zaio. Horregatik ez da hain harritzekoa gertatzen kapatazaren zigorraren zartadaren oihartzuna komunetaraino ere iristea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.