Angel Erro.
JIRA

Ikuskatzeaz

2020ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Twitterren irakurria: «Nire hogeita hemezortzi urteekin hiru aitasantu ikusi ditut, bi errege, New Yorken kontrako eraso berealdiko bat eta pandemia bat. Baina sekula ez dut lan ikuskari bat ikusi». Ezta ikusiko ere, txiolaria Euskadin bizi bada. Argia aldizkarian leitu dut martxoaren 16tik enpresetako osasun ikuskaritzak eten dituela Eusko Jaurlaritzak, baita Osalanekoak ere. Nola jakin, orduan, koronabirusaren babes neurriak betetzen ari ote diren?

Portugalgo Lan Ministroa lan ikuskaritzan aritutakoa izan da. Bertako egunkari baten artikulu baten arabera, bera eta berarekin batera Lan Ministerioan aritzen diren beste bi lan ikuskari ohi deskontatu behar dira herrialdean aktiboan dauden lan ikuskarien kopurutik. Portugalgo Gobernuari kontu eske ari dira krisi honen aurretik agindutako ikuskari errefortzuak ez direlako garaiz iritsi eta jaitsi direlako ikuskapenak. Normala denez, pentsatuko du hemengo baten batek, gauden egoeran egonda. Baina ez da hala, hain zuzen ere, gauden egoeran egonda, fiskalizazio handiagoa beharko genuke. Antonio Costak berak hala agindu zuen. Enpresek langileak errazago kanporatzeko neurriak onartu badira, harekin ikuskaritza zorrotzagoa behar luke, osasun eta lan eremuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.