Angel Erro.
JIRA

Bi poema liburu

2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Harira ez datozen zioengatik, goiza eman dut poesia liburuak arakatzen. Iñigo Astizen Analfabetoa-ren (Susa, 2019) orrien artean azken udal hauteskundeetako gainazal itxia aurkitu dut, barruan nik botoa emana uste nion alderdiaren boto txartela zeukana. Ez nuen azkenik eman? Beste bat baneraman, badaezpada? Aldatu nuen azken orduan? Boto likidoa estimatzen dut, baina neure burua engainatzeraino? Egunotan egonen da EAEko hauteskundeetarako boza liburu berberean garraiatuko duenik? Poemategian ezuste gehiago aurkitu ditut. Liburu onek behin eta berriro harritzeko gaitasuna ematen dute.

Pello Lizarralderi oraindik itzuli behar diodan Giorgio Bassaniren Epitafio (Visor, 1985) ere berrirakurri dut. Zuzenagoa da Bassani poemetan eleberrietan baino. Haietako bat eskaintzen die Ferrarako fascistoni ohiei. Hitz gordinak darabiltza (Come cazzo...). Aurpegiratzen die zanpatzaile ohiek izan ohi duten ahanzkortasuna, orria beste aldera pasatzekoa, harremanak lehengoratu nahia. «Zer ostia / uste duzue? / Lehenago / laztanak / hil gaitezen». Gero, ulertu behar da, barkakizunak. Badu beste olerki eder bat, hemen, luzera dela eta, izena aipatu besterik ezin dudana: Arrivo mia madre non sta bene (Etxeratu ama ez dago ongi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.