Angel Erro.
JIRA

Bizikleta bizi

2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Bilboko metroaren langile batek eskailera mekanikoa (tokitik mugitu gabe) desinfektatzearen irudiak askoz gehiago zabaldu dira egunotako beste batzuk baino. Bilboren eta Donostiaren arteko lehian bigarrena ez gutxiesteagatik, aitor dezagun berdin irrigarria edo amorragarria dela Kontxako hondartzaren aurrean, bidegorriaren eta espaloiaren arteko soropiltxoan utzitako bizikletei udaltzaingoak isun salaketak jartzen dizkiela (eta garabiaz Ibilgailuen Udal Gordailura eramaten dituela) ikustea.

Behar bezalako udal agintariek ustezko arazoa isunez konpontzea baino hobe lukete, jendeak kotxea utzi eta bizikleta erabiltzearen alde egin ohi dituzten kanpainak gezurtatu gabe, bizikleta horiek uzteko toki egokiak eskainiko balituzte. Bere osasuna eta hiriarena zainduz, hondartzaraino hala joaten dena saritu egin behar da, ez zigortu.

Argazkiak halako paradoxa bat ere badakar. Bidegorri baten ondo-ondoan ari dira. Ematen du bidegorriak ederrak direla, udalaren apustu ekologikoaren adierazle ezin hobea (ez ohi dira hauteskunde programetan falta, kilometrotan neurtuta). Baina, ai ene, jendeak erabiltzen ditu nonbaitetik beste nonbaitera joateko, eta iristean ez dira airean desagertzen (nola liteke?) metalezko hodi sorta horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.