Angel Erro.
JIRA

Luxuzkoa

2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Amari bidali dio labean prestatu dituen piper beteen argazkia. Begira zer erantzun didan, esan dit nire mutilak. Txalo eske joan eta errieta jaso du. Amaginarrebak ez du argazkian piper beterik ikusi, horiek egitean labeak kontsumitu duen argindarra baizik. Irri egin dio semeak. Nik andrearen kezka ulertuta ere, eta bere semea baino xuhurragoa naizela jakinda ere, gehiegikeria iritzi diot kezkari. Labea piztu beharko dugu tarteka ere.

Gertuko beste emakume bat, familiako adiskidea, hurrengo egunean mintzatu zait antzeko ardurarekin. Ez du dagoeneko xurgagailuaz garbitzen zorua, erratza pasatu baino ez, eta gero lanbasa, noski. Penaz esan du, ez liberazio sentipenaz. Oraingoan ez naiz ausartu irri egitera, gehiegizko kezka duela erantzutera, tarteka bada ere xurgagailua piztu beharko dugula esatera.

Argindarraren prezioaren norabidea zein den ere, gobernuak energiaren gaineko zergak murriztuta ere, alderdiek elektrizitate enpresa publikoa bultzatu arren, jende askok (emakume askok batez ere) agur egin diote dagoeneko zenbait erraztasun domestikori, fakturaren beldur. Errudun sentituko dira, edo beren buruari kapritxoa ematen ari zaizkiola, eguneroko gauza arruntenak egindakoan. Luxuzkoa bihurtu zaie beharrezkoa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.