Angel Erro.
JIRA

Poe eta poeta

2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Prentsako kritikei azken paragrafotik ekiten diet, funtsezko zerbait esatekotan bertan aurkituko dudalakoan. Asteburuan, berriz, salbuespena egin eta Nagore Fernandezenean aurkitu dut denboran atzera eginarazi didan esaldia. «Edgar Allan Poek esango lukeenez, eserialdi bakar batean irakurtzeko obra da». Esanen nuke unibertsitate garaian behin baino gehiagotan entzun niola irakasle bati, Poeri egotziz ezin utzizko liburuen (edo lan laburren?) gailentasun eta defentsa.

Poek, baina, bazituen erregistro ez hain zerutiarrak ere. Kasualitatez honek harrapatu nau Poek William Ellery Channing-en lehen poema liburuari egindako iruzkina leitu berritan: «Alde du inork ez duela haren berririk. Berak poema deitzen dituen 63 gauzek osatzen dute liburua, eta berak hala direla uste izanen du seriotan. Akats klase guztiez beteta daude; haietako nagusia, hain zuzen, argitara eman izana da. Ez daude ingeles deitzen dugun horretan idatzita, akaso channingeraz».

Nathaniel Hawthorneren egunerokoen edizio bateko oinohar batean aurkitu ditut Poeren adierazpen ankerrok. Nik haiek nahiago Hawthorne lagunaren jarrera baino, haren isilean bereak eta asto beltzarenak idatzi baitzituen Channingen poesiaz, inoiz jakinen ez zelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.