Angel Erro.
JIRA

Bakea

2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Atzo Bakearen Nazioarteko Eguna izan zen. Izan omen zen. Nik ez nuen deus nabaritu. Barne bakea, beharbada. Eta kafe bat ere hartu nuen, baina markarik gabea, nik neuk ehotua. Plazer txiki horietakoa. Egunari aurre egiten hasteko.

Egunari aurre egiten hasi beharrak berak ez du gauza handirik esaten bakearen egunaz. Eta egiazki bakoitzak jakinen du zeri egin behar zion berak aurre atzokoan. Mundua, edo Mendebaldea, bueno, NATOpeko herrialdeak... Tira, uste dut mundua ongi esana zegoela; beraz: mundua Ukrainako gerra larriagotzearen iragarpenarekin esnatu da. Kaferik hartu baino lehen. Errusiako erreserbista askori ere kontrako eztarritik joanen zitzaien gosaria, bakea erdiesteko gerra behar delako topikoan zuzenean parte hartzera dei dezaketela jakitean. Berez, topiko horretan denok bizi gara. Normalizatu dugu nolabait. Gurean (hemen ere munduan esan daiteke berriro) gerrari bake deitzen zaio. Horregatik behar dira, suposatzen dut, atzokoa bezalako bakearen nazioarteko egunak. Umeek eskolan idazlanak egin ditzaten, eta egunkarietan hau bezalako testuak, asmo onekoak eta pixka bat nahasiak. Alferrikakoak. Ni dagoeneko ez naiz ausartzen bakerik eskatzen inori. Eguneko bigarren kafea hartu arte behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.