Angel Erro.
JIRA

Gozagarria

2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Munduaren garratza nork eztituko digu? Inork ez, ezerk ez, ematen du. Gaur bertan irakurri dut Osasunaren Mundu Erakundeak utzi diola edulkoratzaile artifizialak (sakarina, estebia eta abar) aholkatzeari. Azukrea osasunerako kaltegarria zela aspaldidanik bagenekien. Horrelakoak jakitea ona izaten da. Bakoitzak aukeratu dezake bere burua kaltetu (edo kaltetzen jarraitu) nahi duen ala ez. Txarrena da alternatibarik ez dagoela esaten dizutenean, munduaren garratza apaltzeko bide ustez naturalak eta ustez artifizialak, biak, berdin txarrak direla esaten dizutenean.

Munduaren garratzari zuzenean aurre egitea beste aukerarik ez omen dugu. Oraindik ari naiz goizeko kafeaz mintzatzen? Ez nago seguru. Agian ez nago oraindik prestatuta horrelako egia handi bat neureganatzeko. Gozoaren atsegina antzeratu zezakeen ordezko kaltegabeagoa zegoela pentsatzea kontsolagarria zen. Agian maitasunaren ordezkoa adiskidetasuna izan zitekeen modu berean. Adibide soila da, ez dakit harira datorren.

Aukeratu beharko dugu zer kaltek, bi kalteetatik zeinek, urrunduko gaituen bertutezkoizatetik. Tira, edo bertutea ere aukeratu ahal izanen dugu, hots, munduaren garratza bere horretan onartzea. Hori, benetako aukerarik baldin bada, jakina.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.