Angel Erro.
JIRA

Duela hamar urte

2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iñigo Urkullu ez zen lehendakaritzan hasi zaharra. Bera da, halere, ordutik euskal erakundeetan dirauten bakarretakoa. Duela hamar urte Yolanda Barcina zen Nafarroako presidentea, Enrique Maia Iruñeko alkatea (lehen aldiz). Iñaki Azkuna, Juan Karlos Izagirre eta Javier Maroto ziren Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkateak. Baionan Grenetarrek (55 urte agintean) oraindik ez zioten Jean Rene Etxegarairi makila emana. François Hollandek agintzen zuen Frantzian. Espainian, Mariano Rajoyk. Duela hamar urte.

Katakrak ere hamar urte betetzear da (non bilduko ote ziren Iruñeko euskaldunak duela hamar urtera arte?). Ez gaur, baina hil honetako egun batean, hamar urte bete dira Madrilera aldatu nintzenetik ere. Beste hamar urte, hementxe (ia) egunero zutabe bat idazteari ekin nionetik (ze berria zirudien munduak!). Bi gauza horien arteko lotura ezinbestekoa zait, batak bestea ekarri edo erraztu balu bezala; orduan, duela hamar urte, Oskar Alegriaren (orduan film bakarreko egilearen) aholkuari entzungor egin eta ez nintzen zutabeok idaztera, berak iradoki bezala, jendegabeko herrixka galdu batera joan. Duela hamar urte nire buruarekin topatzeko aukera galdu, baina zoriona zer den (hitz egiteko modu bat da) aurkitzekoa nuen irabazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.