Angel Erro.
JIRA

Epaiaren zain

2019ko urriaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Neurri batean denok gaude, auzia ireki ez badigute ere, zigortuko gaituen epaiaren zain. Baina ez naiz maila existentzial horretaraino igoko. Altsasukoen azken epaia jakitera eman den egun berean, ia Espainiako Justiziaz espero daitekeenaren aurrerapen gisara, jakinarazi da Proces-aren kontrakoa noiz ezagutaraziko den: heldu den astelehenean.

Estatu auziak direnetan ñabartzera irits daitezke, baina ez askoz haratago. Sententziak idatzita egoten dira. Estatu Zentzua delakoak diktatzen ditu. Eta Estatu Zentzuak ez du bere burua gezurtatzen. Urriaren 14an jakinaraziko duten epaiak ez du, inondik inora, aurtengo Literatur Nobel saridunen izenek gaur piztuko duen ikusmina sortuko. Data bera finkatu dute Espainiako Festa Nazionalean ez eragozteko asmo aitortuarekin, hots, emaitzak sortuko duen haserre (minuskuluetan) nazionala geroratzeko. Data, halaber, finkatu dute auzipetuetako bik, Sanchezek eta Cuixartek, behin-behineko atxiloaldian bi urte bete aurretik, hots, baldintzapeko askatasunean utzi behar izan aurretik. Ez du guztiak kontuak nondik joanen diren iradokitzen? Telebista piztu, eta Quiton baino istilu larriagoak erakusten dizkigute Bartzelonatik. Zain daude denak eta denek badakite zer datorren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.