Angel Erro.
JIRA

Topaketa

2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hiri handietan, metropolietan, normala da, edo halakotzat jotzen da, ezagunekin kalean ez topatzeko aukera, zure auzotik kanpo bizi diren ezagunekin. Hala gertatzea, behintzat, ulergarria da. Ni gehiago harritzen nau Euskal Herrian ditugun tamainako hiri ertainetan edo herri handietan gauza bera gertatzeak. Badira Iruñerrian bizitzeari utzi ez dioten Unibertsitateko ikaskide ohiak, propio gelditu ezean, inoiz ikusten ez ditudanak, izen bereko hiri paraleloetan biziko bagina bezala. Horren ifrentzuz, badira behin eta berriz topatzen dudan jendea.

Adibide zehatzak ditut buruan. Ezustez, erreparatu gabeko beste adibide batekin topatu naiz gaur Alde Zaharrean. Aitarekin. Bera ere oso gutxitan topatzen dut, Burlatatik edo are etxetik kanpo (logikoa izan liteke, elkarren ordutegi eta ibilbideak dakizkigulako). Zer egin ez dakidala gelditu naiz. Hortik hiru ordura dugu bazkaltzeko hitzordua, harenean. Bere adineko emakume batekin dago. Hurbiltzera egin dudanean, atari batera sartu direla ikusi dut. Eskerrak ez nauen ikusi, pentsatu dut, lotsak hartuta.

Lotsa norabidez aldatu da, txirrinen kutxan leitu dut lehen solairuan dagoela mendizale jubilatuen elkartea. Betiko estrainioak izatera bueltatzea aringarria da.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.