Angel Erro.
JIRA

Hamar urte

2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Erronka bat dabil sare sozialetan. Orain hamar urteko argazki bat eta oraingo bat lerro-lerro paratzekoa, denborak bere lana nola egin duen edo nola egin diogun guk aurka erakustearen amoreagatik. Lehian irabazle edo ez kolpatuegi ateratzen direnak izaten dira gehienbat erronkan parte hartzera animatutakoak. Esker txarreko nerabezarotik helduaro dirdiratsura loratu direnak. Nik, jakina, ez dut egin. Neure buruari aitzakia ederra bilatu diot, gainera. Wired aldizkariko erredaktoreburuak iradoki du #10yearchallenge bezalako meme bat, Facebook edo Instagramen, oso erabilgarria gertatzen ahal zaiela (eta horregatik akaso abiarazi dutela) aurpegi-ezagutzaren eta zahartzearen algoritmoak trebatu ahal izateko, oraingoen ahuleziak zuzenduz. Geure pribatutasuna are gehiago murriztuko duten etorkizuneko tresnak zorrozten ari gara. Baina hori aspaldidanik bagenekien.

Halere, inon zabaltzeko ez bada ere, ariketa polita da orain hamar urtekoarekin geure burua, geure gizartea, konparatzearena. Maiz aldaketen pertzepzioa galtzen dugulako. Nafarren kutxaren desagerpena ikertzen duen batzordean Barcina arduragabe bat ikusi dugu egunotan. Duela hamar urte etorkizun handiko alkatea zen. Azkar doaz urteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.