Ramon Agirre.

Gora San Sebastian!

2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Ibanek gida turistiko izan nahi du. «Zer moduz Edinburgon», galdetu dit. Badaki Eskozian ibili naizena oporretan. «Primeran», esan diot. Etxean bezala sentitu naiz. Eguraldia ere iguala. «Klima hau gustatzen ez bazaizu, itxaron hogei minutu, gehiago ere badugu eta», egiten dute txantxa. Eta bueltakoan sentsazio bat nagusi: suertatu zaizkigun gida guztiek (bertan jaioak izan ala ez) eskoziarren buru, begi etabihotzetik azaltzen dituzte euren historia, kultura eta ohiturak, modu naturalean, lotsarik edo konplexurik gabe. Eskoziar ez direnek ere (txiletarra eta espainiarra ere izan ditugu gidari) eskoziar abertzale sutsuak dirudite. Batek tourra hasi aurretik girotze aldera «Alba gu bràth!» oihukatzera gonbidatu gaitu, «Eskozia betiko!» gaelikoz, Eskoziar independentismoaren lelo bihurtu dena. Besteak Ingalaterraren (betiko etsaia) eta Eskoziaren arteko tirabira historikoak azaltzeko inperioa, konkista, inbasioa eta antzeko hitz potoloak erabili ditu. Piztu egin da euren heroi Robert de Bruce eta George Wallace aipatu dituenean, eta maldizioka kontatu digu ingeles gaiztoek Destinoaren Harri sakratua «lapurtu» zutenekoa. Hurrengo geldialdian esan digu bere arbasoak (scots) gaeliko hiztunak zirela, eta hizkuntza hil zorian egotearen arrazoia ez dela naturala, Ingalaterrak, inperioek egin ohi duten moduan, jazarri eta debekatu izanak zeresan handia duela desastre horretan («crime» esan du). Gaita jotzeagatik kartzela ezagutu duenik ere izan omen zen. Barre txiki batekin onartu du eskoziarren musika tresna nazionala gogaikarria gerta daitekeela batzuetan. Birtuoso bat eduki omen zuen etxepean astebetez, eta, etengabeko gaita hotsak erotu baino lehen instrumentua erosteko ere prest zegoenean, alde egin omen zuen musikariak.

Erabat eskoziartutako gida espainiarrak kulturari erreparatu dio gehiago. Literatura unibertsalaren gailurrean jarri dizkigu Walter Scott, Stevenson, Conan Doyle, eta, nola ez, J.K. Rowling, Harry Potter-en ama. John Hume eta Adam Smith etorri dira gero. Bere jarduna akademikoegia gertatzen ari ote zen beldur, beste eskoziar ilustre batzuk ekarri ditu solasera ibiltarion arreta berreskuratzeko asmoz. Baita lortu ere, Ewan MacGregor edo Sean Connery-ren pasadizoak haien kuadrillakoa balitz bezala kontatuz. 007 nazionalista amorratua dela gogorarazi digu.

Esandakoa, Edinburgoko kaleetan dabiltzan gida turistikoen kontaerak zera pentsarazten dit: eskoziarra harro dago bere nazioaz. Ibanek susmoa azaldu dit: ez ote da, bere kabuz ez, baizik kontratatu dituen konpainiak edo udal teknikariek idatzitako gidoi zurruna? Baliteke gidak eurak ez izatea errelato horren autoreak, erantzun diot nik, baina oso aktore onak dira orduan.

Oporretatik bueltan, gure auzoan aterki bati segika ibiltzen diren talde horietako bat parean pasatzen denean tentatuta egoten naiz aldamenean jarri eta disimuluz aditzeko gidaren kontakizuna. Zer esaten ote dute Donostiaz, kulturaz, euskaraz edo Euskal Herriaz?

Deialdia zabaldu dute, gazteak behar dituztela Donostian eta San Sebastian Region-en turisten gida lanetan aritzeko. Ibanek Historia ikasketak amaitu berri ditu, ingelesez ondo moldatzen da, langilea da eta umoretsua. Joan da bulegora eta hitz egin du Madriletik etorritako emakume batekin. Alemanez ba ote dakien galdetu dio eta el chacolí zenbat gradu dituen eta Allí abajo gustuko duen. Goitik behera begiratu, eta esan dio ez duela basko itxurarik, eskoziarrarena gehiago (Iban ilegorria da). Laster izango duela erantzuna, baina jende dexente duela aurretik.

Ez da oso gustura atera Iban bulegotik. «Lasai», esan diot. Ez dirudi turismoak Donostian behintzat hazteari utziko dionik, eta gida gehiago beharko dituzte. Eta beste lan batzuk ere badira uda parterako: sorosle, Kontxan; txalapartari, Alderdi Ederren; talogile, Bretxan; turista garraio, bizikleta edo trentxutxuan.

Bai, Ibanek Historia ikasi du, baina...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.