Orain esanen banizu aste honetan Iruñerriko zinema aretoetan ikusgai dauden filmen zerrenda egunkariren batean bilatzeko eta haien arteko txarrena identifikatzeko, orduan betean asmatuko zenuke zeinetara joan nintzen atzo, aitak aukeratuta. Hasi baino lehenagoko trailer iragarpenek baino ez ninduten hein txiki batean arindu, berez guztiak okerrera jotzeko duen gaitasunaz gogora ekarrita.
Filmak irauten duen metrajearen parte gehiena eman nuen hor zer egiten ote nuen neure buruari galdezka. Pantailatik ikusten ari nintzen mengelkeriek tarteka erantzun mengel bat aurkitzera eramaten ninduten, maitasunaren epigrafepean sailkagarria, non ni nintzen heroi horietako bat, bere burua, bere burua edo bere aisialdia, are bere printzipioak ere, sakrifikatzeko prest dagoena. Arte txarrak sentimendu maila eskasa dakarrelako enegarren froga.
Seguruenik zerbait konplexuagoa zen astearte batean aitarekin zinemara berak aukeratutako filma ikustera joateko motiboa. Susmatu besterik ezin dut egin. Zehazki zer zenjakiteko, beste film batera joan behar genuen, seguruenik ez nik aukeratutako batera ere, beharbada Iruñerriko zinema programazio gero eta ahulagoan ikusterik ez dagoen batera baizik.

JIRA
Zinema aretoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu