Angel Erro.
JIRA

Zergak hastio

2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Ezin irudika dezaket argindarrik gabeko egun bat. Hasteko, ni irakurtzeaz libratzeko aukerak biderkatuko lirateke, gabezia elektrikoa noraino iritsi. Mendekotasun horren jakitun, argindarraren prezioa igo eta igo aritzen dira. Egunotan jakin denez, hamabost urtean, Espainian, %85 baino gehiago garestitu da argindarra. Orduko soldata hartu eta gehienok ohartuko gara igoera, egotekotan, ez dela inondik inora parekoa izan. Berez, gastu gehienak handiagoak dira. Alokairuaren ordainketak ia diru sarreren erdia hartzen du familia askotan.

Argindarraren fakturaren zenbatekoa xehatu eta azaltzen hasi dira zenbait albistegitan. Bereziki deigarriena egin zait zergei dagokien zatia. Tabakoa edo alkohola balitz bezala, hots, zerbait kaltegarria, ezkutuko zerga pila batez josita dago argindarra, zeharkako eta zuzeneko zergez, ez bakarrik kontsumoa zigortuz, herritar guztiok berdin zamatuz baizik, inolako progresibotasunik gabe. Gezurrezkoa da eskuineko jendea zergen kontra dagoelako leloa. Hauteskunde garaian zergak hain jaitsi zaleak diren alderdikoek ez dituzte argindarrarenak ukitu, igotzeko ez bada. Kasualitatez, guztioi mesede eginen digulakoan, errenta altukoak, zerga progresiboak, baino ez dituzte hastio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.