Angel Erro.
JIRA

Aurreskulari

2018ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Aitortu behar dut Espainiako Gobernuak eta Frantziakoak Moncloan egindako eszenifikazio lehendakaridunean gehien harritu nauena, absentzia eta presentzia bitxien gainetik, egokiera edo desegokieraren gainetik, ekitaldiaren bukaerako aurreskua izan dela. Ez dezala inork euskal dantzaren kontrako purrustadatzat har. Baina nik behintzat ez diot zerarekin inolako loturarik ikusi. Suposatzen dut bi estatuen arteko goi mailako ekitaldiari euskal kutsua, euskal kutsu amultsua zegoela hor EAEko lehendakaria eta aurreskulari bat bertan egotea aurreikusita. Bidenabarrean, ETArekin zerikusirik duten bestelako ekitaldietan ere ez dut ongiegi ulertzen euskal folklorearen ohiko presentzia.

Behin hori esanda, berez berri pozgarria iruditzen zait zauriak ixten lagun dezakeen edozein ekintza, garai batean esaten zen bezala, datorren tokitik datorrela.

Oraindik, esaterako, gaiak behin berriz gaurkotasuna hartu duenez, ez dut garai batean Euskadi Sariei utikan esan zietenak bildu eta agiri berri bat aterako dutelako itxaropena galdu, kontua zurian beltz zertan gelditu den azalduz, orduan min emandakoei, gutxietsitako idazkideei, barkamena eskatuz. Nahi badute neure burua eskaintzen dut, oraingoan bai, aurreskulari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.