Angel Erro.
JIRA

Azalpen eske

2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Edo, zuzenago esanda, azalpen eskearen eskea egin dio Javier Marotok oraindik ez dakit oso ongi nori. Edo, zuzenago esanda, badakit nori, Vox alderdikoei, baina, haietaz gain, ez dakit nor gehiagori. Azalduko dut. Hau guztia dator Marotok honako adierazpen hauek egiten dituelako, Voxek Alderdi Popularra eta Ciudadanosekin Madrilgo erkidegoari buruzko negoziazioak hautsi omen dituelako: «Voxek azalpenak eman beharko ditu, Madril PSOE eta Podemosi entregatuz gero». Azalpenak eman nori? Voxen boto emaileei? Hala lirudike, alderdi batek bere hauteslegoaren aurrean (baino ez) duelako erantzuten.

Egunetik egunera gero eta maizago ikusten dira horrelakoak. Javier Esparzak ere berriki Nafarroako alderdi sozialistari exijitu dio boto emaile sozialistei azalpenak emateko. Harago ere joan da, hildako sozialistei eginiko traizioaz hitz eginda. Ematen du mundu guztiak besteen saldukeriak kudeatzen dituela, baina ez bereak. Atzo galdera bota zuen Iñaki Gabilondok: bortxa politikoa abandonatzearen truke eskainitakoak «promes tranpak ziren? (...) Eskubide horiek [guztiok politikan libre aritzekoak] ukatzea, hori bada traizioa, hasteko eta behin, guk emandako hitzari». Egonen da berari ere azalpen eske joanen zaionik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.