Betiko falaziara itzuli gara. Maia alkateak: «Teknikari onenak bilatu beharko dira, ez euskaraz dakitenak». Euskaraz dakiten teknikariek onenak izateko aukerarik ez, antza. Euskaraz jakitea ere ez balitz onena izateko bidean mailatxo bat, ezagutzak (horrek bai) gehitzen duelako beti. Lupi Lakasta txiolariak aurreikusi ditu alkate berriak eragin ditzakeen iskanbilak (eta zirkuitulaburrak) teknikari onenek euskara jakinen balute: lan egin ahal izateko hizkuntza (bakarra) desikasi beharko dute.
Zientzia fikziora bidera nezake orain zutabea, ideia horri tiraka, baina eleberri historikora jotzea aski da horrelakoaren berri izateko. Aingeru Epaltzaren Mendi-joak ipuin liburuan (Elkarlanean, 2017) foruzain bat agertzen da bere nagusien aurrean euskaraz jakitea ezkutatzen duena, hortik etor dakiokeen gaitz eta gora jo ezina jakinik, hauteskundeak izan eta foruzainburuen jarrera aldatu arte. Ipuinaren segida idatzi beharko du Epaltzak, Ander/Andrés foruzainaren mentura ezagutuko badugu, erraz susma badaiteke ere. Desikasten ariko da edo langile eskasaren salaketa eramaten. Lau urteotan udaltzaingora eskatu balu lekualdatzea, bizikletaz behintzat badakigu ez dela engoitik ibiliko. Horiek ere atzera bota dituzte eta.

JIRA
Lan eske
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu