Angel Erro.
JIRA

Elebidun

2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Aurten zer gertatuko zain nengoen. Tontakeria ematen du, baina neurtzaile ona izan daiteke. Sukaldean dudan egutegia Iruñeko Udalak egin eta banatzen dituenetakoa da. Iaz euskarri ezberdinetan atera zituen egutegiaren erdal bertsioa eta euskal bertsioa. Euskararen arautegiaren kontrakoa zela aurpegiratu zioten auzitegiek. Enrique Maiak elebitan bai baina hizkuntza bakoitza bere aldetik egiteko emandako arrazoiak aski irrigarriak ziren: bi hizkuntzak batera jartzera jubilatuek ez zuten egutegian bere oharrak idazteko tarterik izanen. Epaile batek erantzun zion jubilatuek egutegian ohartxoak idaztea ez dela bermatu beharreko eskubide ezagunik, ez dela benetako elebitasuna saihesteko aitzakiarik.

Zer asmatuko zuten zain egon naiz urtebete. Horri buelta nola emanen. Ezin errazago. Legeari men egin ez eta iazko gisa berean euskara eta gaztelania paper berean ez nahasita. Justiziaren errieta nahiago, nafar onen etxea euskararekin profanatzea baino.

Egutegiak banatzeko puntu baten ondoan bizi naiz Iruñean. Iaz bi hartu nituen, hizkuntza banatan. Elebitasuna nolabait berrezartzeko nik nirean. Euskarazkoa norbaiti eman nion azkenean, arrebari edo. Berak eskatuta ala bidegabekeria begien aurrean izateko egunero deiadar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.