JIRA

Satelitea

Angel Erro.
2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nonbait irakurri dut lehen euskal satelitea espazioratu dutela Cañaveral lurmuturreko base estatubatuarretik. Euskalduna (edo euskotarra) EHUren Leioako campus teknologikoan garatu dutelako. Bereizmen handiko irudiak hartu ahal izanen ditu, printzipioz edo aitortu dutenaren arabera, nekazaritzako edo ingurugiroko planifikaziorako eta (honek pizten du nigan irudikortasun handiagoa) babes zibilerako. Notizian ez da esaten —baina, ez dakit, hala izan behar duela pentsatu dut— Euskal Herriaren gainean josiko ote duen begi zolia. Horrek ere eginen luke satelitea notiziaren goiburuak adierazi bezain euskalduna (edo euskotarra).

Gauza batek, baina, piztu du batez ere nire mesfidantza. Urdaneta izena jarri diote sateliteari. Euskarazko izen bat, eta ez ingelesezko hitzen mordoilo nahasi bat; ez, esaterako, Basque Security Satellite edo gisako zerbait. Berehala susmatu dut garai bateko konkistatzaile edo esploratzaile bat izanen zela. Notiziak berretsi dit Andres Urdaneta ordiziarrak Filipinak «deskubritu» zituela. Izena eman zion bertatik Ameriketarako bideari ere. Baina, nik uste, satelitea haren izenaz bataiatzeko arrazoi handiagoa izan daiteke Urdaneta kosmografo ere izatea.

Izen egokiegia gurea izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.