Haren bizitzan aitarengandik espero dezakedan tokamen bakarra berak gero eta gutxiagotan erabiltzen duen autoa da. Beldurra hartzen hasi zaio gidatzeari. Nik oraindik ez, baina nabari dut gero eta maizago kotxea nolabaiteko karga izatera pasatu dela niretzat. Gauzak zer diren. Nola azalduko nioke hemezortzi urteko niari, zeinarentzat ibilgailu hori askatasunaren sinonimoa izan baitzen?
Oraingoz autoan ibiltzeaz gehien gustatzen zaidana da motorra izeki eta irratikasetea pizten den unea. Nahiz eta bolante aurrean eseri naizen aurreko alditik hilabete bat erraz joan daitekeen, utzitako tokitik beretik berrabiatuko da musika, denbora igaro ez balitz bezala, tartean deus gertatu ez balitz bezala. Agian adiskidetasunarekin gertatzen omen den modu berean. Adibide soila da, ez dakit harira datorren.
Plazer txiki hori, denboraren joana ahantzarazten dizun istant txiki hori, ez dakit aski den automobilari eusteko. Nostalgia ez bide da ezer iraunkorrik eraikitzeko material ona. Edo bai? Ez nago seguru. Hauteskunde garaian gaude eta oraingoan irudipena dut, hautagai gehienak atzera begira badaude, iraganeko hutsuneak ez errepikatzeko dela. Halako inozentzia falta bat da horren ordaina.

JIRA
Irratikasetea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu