Albistea entzun

Karabanak mugak zeharkatzen

Itziar Fernandez Mendizabal eta German Garcia Marroquin - Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako albisteak

2019ko ekainak 21

Aipatu nahi ditugun aurrenekoak Estatu Batuetarantz doazen Erdialdeko Amerikako migratzaileen karabanak dira, exodo hutsak. Aspalditik daude, baina 2018an klandestinoak izateari utzi zioten; orain, aldarrikapen politiko kolektiboak dira, hainbesteko abusutik babesteko zein joan eta etorrian aske ibiltzeko beren eskubidea aldarrikatzeko (pertsona orok du edozein herrialdetatik alde egiteko eskubidea, baita norberetik ere, eta norbere herrialdera itzultzekoa. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 13. artikulua).

Lehenengoa, Hondurasko mila lagun inguruk osatua, 2018ko urriaren 13an abiatu zen, haien herrialdeko pobreziak eta indarkeriak bultzatuta. Ondoren, biolentziak, etorkizunik ezak eta askatasunik ezak beharturiko Guatemalako eta El Salvadorreko pertsonek egin zuten.

Behartuta lekualdaturiko pertsonak, beren herrialdeetatik bizirik irauteko eta bizitza duina bilatzeko beharrak kanporatuak. Bidean, milaka gabezia pairatu dituzte, eta okerrena izan da hainbat herrialderen erresistentzia, Mexikorena, kasu: laguntza eskatu zion NBEri Estatu Batuekin gatazkarik ez izateko, baina, azkenean, munduko potentziarik handienak aduana-zergak garestituko zituela mehatxu egin eta makurtu egin da. Diruak malkarrak zelaitzen. Orain, Erdialdeko Amerikako karabanek itxita dituzte bideak, eta Donald Trump prest agertu da genozidioa estatuko politika gisa ezartzeko, migratzaileak AEBetan sar daitezen galarazteko (hogei urteko espetxealdia eskatu dute migratzaileak egarriak jota ez hiltzeko ura eman zien boluntario batentzat). Haurrak beren gurasoengandik banatzea AEBetako gobernuaren migrazio-politikaren isla ankerrenetakoa da.

Era berean, Afrikatik Europara etortzeko pertsonen karabanek ere urte asko daramatzate kontinente bien arteko zeharkaldia egiten. Beren bizitzak arriskuan jartzen dituzte, bai eta beren familiek biltzea lortu duten guztia ere, El Dorado berrira iristeko. Alabaina, mugak itxi egiten zaizkie, ez bakarrik hesi eta kontzertinekin, baita Europako legeriaren josturak hausten dituzten akordioekin ere. Horien bidez, herrialde mertzenarioen —Turkia, Libia— zerbitzuak erosten dira migrazioa geldiarazteko, jakinaren gainean herrialde horietan jardunbide erabat gizagabeak baliatzen dituztela (migratzaileak basamortuan abandonatu, esklabo bihurtu edota bahitu, erreskatea ordaindu arte). Horra Europa giza eskubideen esparru politikoa delako gezurraren gordintasun latza.

Asian, karabanak jendez gainezka dauden ontziak dira, txalupa prekarioak, zeinetan milaka rohingyak Bangladeshera joan behar izan duten Myanmarreko armada jasanarazten ari zaien genozidiotik ihes egiteko.

Zorionez, badaude beste karabana batzuk ere. Jende solidario eta konprometituak osaturiko karabanak, autobusez, ferryz edo ahal duten moduan aberasturiko herrialdeetako pasaporteek zeharkatzea baimentzen duten muga horiek zeharkatzen dituztenak. Karabana hauek migratzaileak, errefuxiatuak eta haiei laguntza ematen dieten kolektibo solidarioak dauden lekuetara hel daitezke.

Karabana solidario horietako bat Euskal Herritik abiatuko da, laugarrenez, uztailaren 12an, eta 21ean itzuliko da. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Espainiako eta Italiako estatuetako hainbat erakunderekin batera antolatuta, eta Mugak Zabalduz Karabana izenez, Europarako migrazioaren Hego Mugara joango da. Granadatik Huelvara, eta Mediterraneoa gurutzatuz, hainbeste migratzaileren hilobi bihurtu den hori, hain zuzen, Europa Gotorlekua salatuko du, Ceutan: hesia, kontzertinak, Tarajaleko krimenak, nekropolitika...

Xedeak dira migratzaile eta errefuxiatuei jakinaraztea ez daudela bakarrik, egoera bertatik bertara ezagutzea, hura salatzea eta, etxera itzulitakoan, esperientziaren berri ematea, zer ikusi eta entzun dugun azaltzea, eta iritzi publikoa eragitea inor ez dadin jo ilegaltzat, gure jendarteak ez dezan onar eskubiderik gabeko pertsonak egon daitezkeela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley
Ondoeza

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.