Angel Erro.
JIRA

Bi lezio

2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Asteak daramatzate Erresuma Batuan COVID-19ari egozten berez brexit-en ondorengo kausei dagozkien arazoak. Langile falta dute. Atzerritar askok alde egin behar izan zuten orain urte bat edo bi, bertan lan egiteko baimena galduta eta ezin berreskuratuta. Lehenik jakin genuen garraiolariak falta zirela, eta banaketa krisi izugarria egon zen. Gerora esan dute harakinak ere falta direla, eta ez gutxi: hamabi mila. Nekazari lanak egiteko jende andana ere bai.

Eskaintzaren eta eskariaren legea edo Joe Bidenen aholku ospetsua («pay them more») aplikatzeko nagiak hartuta omen dirudite britaniar enpresariek. Bitxia da gero maiz predikatzen dutelako prezioak igo behar dituztela edo soldatak jaitsi lege horretan oinarrituta, hain zuzen. Beharbadaez du beti funtzionatzen. Ongi dago jakitea, hurrengorako.

Egoera honetatik beste lezio bat ere atera beharko lukete immigrazioaren aurka hain erraz hitz egiten dutenek, etorkinak gure lana kentzera datozela dioten horiek, dena direlakoak first aldarrikatzen dutenek. Etorkinak kanporatuta herrialde oso bat kolokan jar daiteke; nork uste zuen kontrakoa?

Herrialde guztiak ahulenen bizkarren gainean eraikita eta sostengatuta daude. Inoizka argi ikus daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.