Angel Erro.
JIRA

Antzerkia

2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Gaur ez dut zutaberik idatzi ahal izan. Barkatzeko eskatzen dizuet. Normalean gosaldu eta esertzen naiz ordenagailu aurrean notiziei begira zertaz idatzi erabakitzeko. Ez da ideia beti berehala etortzen. Gaurkoan, urrats guztiak bete baditut ere, sartu naiz streaming bidezko epaiketa baten bideoan, Espainiako Epaitegi Gorenean U-1eko erreferenduma antolatu zuten politikari katalanen kontrako epaiketarenean, eta Zuzenbidearen hizkerak, akusatuen abokatuek darabiltenak, liluratuta harrapatuta gelditu naiz. Zuzenbidea ikasi garaian baino are argiago egin zait hizkuntza bihurria justizia itxura bermatzeko bide hutsa dela.

Epaiketa hasi aurretiko auziak, akusatuen oinarrizko eskubideen urraketei buruzkoak defentsak nola planteatzen dituen adi-adi egon naiz eta une batean pentsatu dut erantzunezinak eta begien bistakoenak zalantzarik gabe onartu beharko dituztela. Sinetsi dut. Baina berrogei minutuko etena egin dute. Sukalderaino joan naiz. Zuei barkamena eskatzeko desenkusazko hitz hauek idaztera eseri naiz fruitu lehor batzuk jan bitartean eta badirudi horrek perspektiba hartzen lagundu didala, hots, ohiko ezkortasunera itzultzen. Lehen ekitaldia ez da hasi eta ez dago obra nola amaituko den ez dakienik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.