Angel Erro.
JIRA

Kuria

2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Ni ez nintzen Kuriara joanen. San Fermin prozesioan ateratzen duten egunean, lau urtez etendako (edo behintzat gutxitutako) ohitura izaten da Katedralerako azken txanpan alkateari desadostasuna adieraztera joatea, garrasika. Kuria kalea, Iruñea hiriaren hipotalamoa, biziki maite dudan arren (aurtengo kroketa onena bertan jan dut), ez nintzen joanen. Beste hiri bateko udal gobernu berriaren kontrako manifa batera joateko proposatu zidaten. Uko egin nion. Nik hor zer esanik ez dut, baina, batez ere, herritarrak mintzatu dira, bozetan. Neurri zehatz baten kontra kexa naiteke, baina beste alkate bat paratzeko aukera hemendik lau urtera dugu berriz. Horregatik (eta gorrotoak aurpegiera izugarri itsusten duelako; agitpropa egitekotan, ez etxekalterako), ez nintzen Kuriara joanen. Badut zertan ados ez egon, arrazoiak pilatuko zaizkit legealdian zehar, baina, analisiak analisi, irentsi behar dut herrikideek erabakitakoa.

Kuriara ez joateko ditudan arrazoien artean, bakarra ez da Maiak zerrendari gehitu nahi diona. Festak baloratzeko prentsaurrekoan aditzera eman du guztia grabatuta dagoela, «investigación y calificación penal»-aren zain. Aurkakotasuna kriminalizatzeko bidean beste urrats bat, nora daraman ongi dakiguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.