Angel Erro.
JIRA

Batzen gaituena

2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Egunotako iragarkiak dio Eguberrietako loteriak lotzen gaituela, batzen gaituela, familiak elkartzen dituela. Nik kontrakoa ikusten dut, berriz: inoizko deskonfiantza handienen sorburua izaten da lagunen eta senideen artean. Halakok erosi badu, nik ere bai, ez dadin bera aberastu eta ni ez. Loteria txartela(k) zenbait lagunen artean erosiz gero, nazioarteko itun baterako baino klausula gehiagoz zaintzen da nork, nola zainduko duen. Egiaztagiri maila ematen zaien argazkiak egiten dira. Loteria txartelen trukaketak ere Faisaien Uhartean egitea baino ez da falta, notario baten aurrean.

Gure etxean kalapita izaten dugu beti. Ez daukat inora joaterik, Espainiaren estatu barruan, aitak bertatik loteria txartel bat erosteko eskatu gabe. Tirabira batzuen artean maiz amore ematen dut, baina ez naiz sentitzen inori lotuagoa, batuagoa, elkartuagoa. Aitak, ematean, agian telebistako iragarkiek kutsatuta, zenbakia partekatzea erabaki du, erdi bana, eta nik gordetzeko. Argazkia atera dio. «Juiziora joan beharko bagenu ere», txantxetan bezala, baina biok dakigu seriotan dela. Pobreziak batzen ditu familiak. Aberasteko aukera urrunak, berriz, zertan bihurtuko ginen baino ez digu erakusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.