Sei hilabeteko atzerapena proposatu dute, denbora horretan adimen artifizialeko garapena gelditu eta dena delakoa (ez dakit zehazki zer) birplanteatzeko. Hurrengo urte, hamarkada edo are mendeetako norabidea baldintza dezakeen teknika hau ez ote duten azkarregi, aurre-gogoeta gehiegirik gabe, garatzen ari. Hala irakurri dut, adituek hala eskatzen dutela, kontrolik gabeko lasterketa honen arriskuak neurtu beharko liratekeela. Elon Muskek babestu omen du eskaera, nondik norbaitek ondoriozta bailezake taktika komertzial hutsa dela (ez dakit zehazki zein).
Sei hilabete. Aski denbora da? Ados jartzerako, aski izanen dira sei hilabete? Hemendik sei hilabetera gure oraingo helmuga eta kontsolamendu nagusia diren oporrak amaituta eta ahazteko bidean izanen dira, eta agian mundua ezinbestean aldatu batera itzultzen ariko ginen, gure ezjakinean.
Makinek eskulan gizatiarra ordezkatzeko prozesua ia guztiz burutu da. Onerako delako ustean. Sei hilabeteko luzamendurik gabe. Orain besteok ordezkatzera omen datoz. Ai. Ukiezinak ginenak. Artistak. Pentsalariak. Sortzaileak. Eta abar. Agian bai, arrazoi dute, sei hilabete behintzat beharko genituzke, argudioak aurkitzeko, oraindik zertan garen beharrezko.

JIRA
Sei hilabete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu