Nafarroako bandera erraldoi bat paratuko du, Enrique Maia alkatearen erabakiz, Iruñeko Udalak. Kontuz banderekin, batek atera eta astintzen dituen gehienetan, beste zerbait estali nahi duen seinale, esan ohi denez. Suposatzen dut gaur paratuko dutela, Nafarroaren Eguna den honetan (norbait hurbil daiteke Foruen plazara eta egiaztatu?), orain arte Baluarteko plaza deitutakoari Konstituzioaren plaza izena jartzeko burutazioa datorren astelehenean, abenduaren 6an, abian jarri beharko litzatekeen modu eta logika berean. Ez digu alkateak argitu Andre Mariaren Sortze Garbiaren egunerako, 8rako, zer ezusteko prestatu duen. Beharbada InmaCool izeneko rock kristauaren festibala?
Misterio handiagoa zait, oraingoz, zergatik aukeratu duen Nafarroako bandera, eta ez bere karguan babestu eta kudeatzea dagokion hiriarena. Edo zergatik ez Espainiakoa ere, bere gustuko beste hiriburu batzuetan egin duten bezala. Zeren beldur da Maia? Edo arriskuan ikusten du nafartasuna Iruñean? Ez dirudi, inkesta guztiek diotenez erkidegoan sentimendu nagusia nafar hutsarena baita. Beraz, ez diezagula ez dakit zer defendatu nahi duen zipotza sar. Populismo hutsa denean. Gurean navarrerismoaren forma hartu ohi duena.

JIRA
Bandera erraldoia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu