KRITIKA. Balleta

Esperientzia berrien bila

Arkaitz Mendoza.
2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun

'Marie Antoinette'

Orkestra: EOS. Balleta: Malandain Biarritz Balleta. Zuzendaria: Melanie Levy-Thiebaut. Koreografia: Thierry Malandain. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Otsailak 14.

Jendeak esperientzia berriak nahi eta behar ditu. XXI. mendearen hasiera honetan, edonork etxean den-dena eskuragarri du: zinema, telesailak, kirola, literatura, musika eta abar. Kalera irten, sarrera bat erosi, eta esperientzia berri baten bila abiatzeak esfortzu bat dakar. Ahalegin horrek betiere merezi behar du, eta horretan kultura ekoizten duten nagusi eta buru guztiek kalitatearen eta berrikuntzaren bila abiatu behar dute. Bestela, Joseph Haydnen betiko sinfoniak etxean plazer handiz goza ditzaket ikaragarrizko bozgorailu eder batekin eta munduko orkestra hoberenaren interpretazioarekin. Etxetik irteteko zerbait eskaini behar didazu. Honako honetan, Haydnen musika dantzarekin urtu zen. Dantzari finak dira, teknikoki kalitate handikoak. Eta, nahiz eta eszena-dekoratua sinpleegia izan, ikusmenak arreta handiz jarraitzen zien mugimenduei. Taldekako koreografia zailak bakarka edota bikoteka jorratutako ariketekin tartekatu zituzten.

Ikusmenak esperientzia gozagarria zuen bitartean, entzumena amodio eta gorroto pasadizoetan murgilduta zebilen. Andoni Mercero biolinista aparta zirraragarri aritu zen concertinoaren rolean, sekulako maila erakutsiz bere solo guztietan, Haydnen lau sinfoniak urreztatzeraino. Baina zuzendaritza lanetan makaltasuna nabarmenegia izan zen: Levy-Thiebautek bateratasunetik aldendu zuen orkestra, soinu oreka apurtuz, eta akordeak ez ziren soinu bakarrean entzun, bikaintasunetik urrun. Azken kontzertuetan orkestrak aurrerapauso handia eman duen esparru batean ere kale egin zuen; soinua neutroa izan zen ordubete luzean, ez zuen dinamika kontuetan aldaketa handirik landu eta, hala, interpretazioa triste samar jaso zen. Miyuki Kaneik, Barryko kondesaren rolean, eta Mickael Contek, Luis XVI.arenean, emanaldi txukuna egin zuten, gorputz mugimendu guztiak solte eta erraztasun harrigarriz erakutsiz. Laburbilduz, esperientzia erdibidean geratu zen: ikusi bai, entzun ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.