Bost jazzlari, izotz arteko sutondoan

The Machetazo taldeak Madrilen azken urteetan metatutako bizipenak eraman ditu 'A Vision in a Dream' lan berrira. Jazzetik harago euren musika zeharkatzen duten eraginak jaso dituzte. Bilbon aurkeztuko dute gaur, Bilbaina Jazz Clubean.

Jorge Castañedak, Daniel Juarezek, Nacho Fernandezek, Dario Guibertek eta Mikel Urretagoienak osatzen dute The Machetazo taldea. THE MACHETAZO.
itziar ugarte irizar
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun

Musikenen ezagutu zuten elkar, eta elkarren gertuan dabiltza ordutik; musikan batez ere, baina ez bakarrik. Donostian bizitza akademikoa partekatzetik, Herbeheretara egin zuten elkarrekin, musika ikasketetan beste urrats bat egitera, bi urtetarako; eta handik New Yorkera, bost hiletarako. Han jarri zuten The Machetazo martxan, eta handik bueltan eman zuten argitara lehen lana, Brooklyngo apartamentuko helbidea izenburutzat jarrita: 1290 Prospect place. Jorge Castañeda (pianoa), Daniel Juarez (saxofoia), Nacho Fernandez (gitarra), Dario Guibert (kontrabaxua) eta Mikel Urretagoiena (bateria) bizi izan ziren bertan, eta elkarbizitza hark oinarri sendoa jarri zion batera abiatutako musika proiektuari. Itzuli zirenetik Madrilen bizi dira bostak, eta lan berri bat ondu berri dute: A Vision in a Dream.

New Yorkeko bizipenekin egin bezala, itzuli zirenetik pilatutako «eraginak eta bizipenak kontatzeko» baliatu dute diskoa, Urretagoienak azaldu duenez. Disko luzea da, hamalau piezako lana. «Bi diskorako materiala geneukan, baina Madrilgo esperientziak bakar batean biltzea erabaki dugu». Beraien estudioko bigarren lanean «solidoago» nabaritu du taldea Urretagoienak, denborarekin irabazitako esperientzia alde. Askotariko musikak entzuten dituztela ere nabarmendu du, eta hori erakusten saiatu direla disko berrian. «Jazzetik gatoz, ikasketak hortik bideratu ditugu, baina influentzia pila bat dauzkagu: popa, rocka, elektronika... Eta hori jasota dago diskoan».

Alor artistiko ezberdinak uztartzeko asmo bati ere heldu diote. «Nahiz eta diziplina ezberdineko jendea izan, guztiok barku berean gaudelako», Urretagoienak. Helena Lanza aktoreak diskoaren hasierako (Intro) eta amaierako (Outro) piezetan hartu du parte, narrazio batekin, eta Zaida Escobar margolariak egin du diskoaren azala. Gaueko irudi bat da, eta, laku handi baten erdian, sutondoan bost gizaki ikusten dira; atzean, izoztuta diruditen mendiak eta labarrak, eta gainean jauregi gisako eraikin bat. «Sutondoan, baina izotz artean; ez da erraza hori!». Samuel Yalor Coleridge olerkari ingelesaren poema batean oinarrituta osatu zuen irudia, eta hari zor dio A Vision in a Dream izena diskoak ere. «Sormen prozesuaz ari da, baina Nachoren [Fernandez] mundutik dator ideia».

«Jazza oso herritik dator»

Sortzen duten guztia «originala» dela azpimarratu du Urretagoienak, denak direla «konposizio propioak». Taldekide guztiek hartzen dute parte lan horretan, piezak idazten dituen «lider bat» izan gabe. Lan berrian, kantu baten konposizioa sinatu du Urretagoienak: Nice View. Bateria jotzailea bada ere, pianoa erabiltzen du konposatzeko. «Eta burua! Ideia musikal pila batekin zabiltza beti buruan, kantatzen edo txistuka, baina gero piano aurrean eseri eta, gutxinaka-gutxinaka, melodiak abestearekin batera joaten da itxura hartzen». Ondoren taldekideei erakutsi, eta baliteke egindakoak beste bide bat hartzea. Baina horretara irekita daude. «Funtzionamendua kolektiboa da, guztiz». Eta hortik The Machetazo izena ere: «Jazz munduan ohikoagoa da ez dakit zer quartet, trio, quintet deitzea taldea; baina gure kasuan, talde dinamika bat eramaten dugu beti. Kideen artean lortu dugun interakzioak ere eragin handia du gure musikan». Diskoaren barrualdean horri keinu egiten dion mezu bat dakar lanak. Mundu guztiak bere esperientzietatik ikasten duela dio; garrantzitsua dela horiek elkarbanatzea eta elkarren artean «zerbait ederra» eraikitzea. Urretagoiena: «Gure funtzionatzeko era da. Mundu akademikotik atera garenetik, beti kolektiboa bilatu dugu, non komunikazioa eta sortzeko testuingurua aproposa diren».

Madrilen bizi dira, eta han egiten dute lan bostek, irakasle modura. Lana, baina, Oiartzungo (Gipuzkoa) Mecca estudioan grabatu dute, aurrekoarekin egin bezala. Estudio batera sartzea urrats «konplikatua» izaten dela dio Urretagoienak, tentsioak, blokeo uneak eta espektatibak sartzen direlako tartean. Kasu honetan, harrituta dio zeinen «borobil» atera zen guztia: «Lan polit bat eginda geneukan aurretik, eta denbora asko generaman jotzen. Baina hara sartu eta oso-oso inspiratuta egon ginen. Izan ziren bi egun oso-oso onak. Pila bat disfrutatu genuen». Gauetan egunean bertan grabatutakoa entzun, hitz egin, nola eman buelta bat pentsatu... Uneoro aldeko energia sumatu zutela dio, «oso idilikoa» izan zela dena.

Bihar Bilbon joko du taldeak, Conde Duque hoteleko Bilbaina Jazz Clubean, 20:00etan. Urretagoienak errepikatzen du ez dela erraza jazzarentzat plazak lortzea, eta horregatik dituela bakoitzak hainbat proiektu esku artean, «kontzertuen martxa konstanteagoa» izateko. Lehen lana aurkeztu zutenean, jazza testuingurutik aterata sumatzen zuela esan zion Urretagoienak berak BERRIAri. Hala dirauela uste du: «Jendearen buruetan dagoen zerbait da: jazza dela zerbait jasoa. Eta jazza, berez, oso herritik dator, inprobisazioa da bizirik mantentzen duena. Eta hori jendearekin banatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.