Lau esku, gorputzez esandakoa idazteko

Axut, Dejabu eta Artedrama konpainien 'Zaldi urdina' antzezlan berrirako testua idatzi dute Unai Iturriagak eta Igor Elortzak, dokumentazio lanetik eta aktoreen esperimentaziotik abiatuta. Bihartik igandera bitarte, Donostian izango da obra.
Unai Iturriaga eta Igor Elortza <em>Zaldi urdina</em> antzerki obraren testugileak, Durangon.
Unai Iturriaga eta Igor Elortza Zaldi urdina antzerki obraren testugileak, Durangon. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Itziar Ugarte Irizar -

2019ko urriak 22
Luhuson (Nafarroa Beherea) abiatu zuen zeharkaldia, eta abian doa Zaldi urdina, egutegia bete geraleku. Hurrengoa, Donostian: bihartik igandera bitarte, iluntzero erakutsiko dute antzezlana Gazteszenan. Bost emanaldi guztira. Ximun Fuchsek zuzendu du Axut, Dejabu eta Artedrama konpainiek elkarlanean osatutako laugarren obra, eta Unai Iturriaga eta Igor Elortza arduratu dira testua idazteaz. Ñabardura behar du horrek, baina, antzezlanaren kartelean berean aitortzen denez: Iturriagak eta Elortzak idatzia ez, Iturriagarekin eta Elortzarekin idatzitako obra da. Eta dena aldatzen du atzizkia aldatzeak.

Bi sortzaileek hirugarrenez egin dute lan hiru konpainiekin. Errautsak-en ondoren, Francoren bilobari gutuna-ren testua idatzi zuten, eta, hain justu, obra haren azken emanaldian, Ondarroan (Bizkaia), proposatu zien Fuchsek hurrengo obrarako gaia: drogak. Drogek Euskal Herrian irekitako zauria bistaratzea, eta gaur egun haiei buruz aritzean sor daitezkeen galderak plazaratzea. Gau haren ostean denbora bat elkartu gabe egin bazuten ere, gaia adostu samar geratu zela gogoratzen dute biek. Elortzaren esanetan, «ezer egiten jarri aurretik, izena eta guzti zuen proiektuak». Skype bidez lehen bilkura bat egin zuten hurrengo, beste bat aurrez aurre Durangon (Bizkaia), eta Eusko Jaurlaritzako diru laguntzak eskatzeko epea heltzerako, zehaztuta zeuzkaten lehen oinarriak: tramaren abiapuntua, pertsonaia batzuk, eta baita Zaldi urdina izenburua bera ere. «Diru laguntza horiek gabe, Euskal Herrian ez dago aukerarik halako lanak egiteko», oharra Elortzak.

Hor hasi zen sormen prozesua biziagotzen: gaiaren gainean ahal beste dokumentatuz eta norbere esperientziaren hustuketa eginez. «Axut, Dejabu eta Artedramakoei gustatzen zaie, batetik, gai guztiak euskaraz eta euskaldunoi zuzendutakoak izatea; eta, bestetik, gaia edozein delarik ere, antzezlanean parte hartuko dugun denok, izan aktore, idazle, zuzendari, hastetik bertatik inplikatzea; gutako bakoitzak zer bizipen izan ditugun, zer irakurketa, zer film...», azaldu du Elortzak.

Justo Arriolaren A los pies del caballo, Uxue Alberdiren Jenisjoplin eta The Corner telesaila izan dituzte, besteak beste, esku artean. Behin hori guztia bilduta, aktoreen egonaldiekin hasten da obra forma hartzen. Bizpahiru hiletik behin, astebete igarotzen dute elkarrekin, non gutxi gorabehera zizelkatuta dauden pertsonaiak martxan jartzen dituen taldeak, inprobisazioak lantzen eta eszena proposamenak probatzen. Iturriagak eta Elortzak taldea egonaldiaren azken egunean bisitatzen dute normalean, eta ikusitakotik hasten dira ideiak jaso eta idazten. «Batzuetan, inprobisazio hutsetik abiatu daiteke eszena bat; beste batzuetan, Unaik eta nik proposatutako egoera edo testu bat taulara eramatetik. Joan-etorri hori etengabea izaten da bukaera arte», azaldu du Elortzak. Baina edozein kasutan, idazketa ondotik dator beti. Iturriaga: «Idazketa antzezpen esperimentazioaren ostetik doa. Beti da a posteriori».

Korapiloak, ixterakoan

Maiatzean iritsi zitzaien itxi gabe zeuden eszenak itxi eta lotu gabeko hariak lotzeko unea. Behin betiko idazketari heltzekoa. Aktoreek uda aurretik jaso behar zuten testua, uda osteko azken egonaldian dramaturgia eta testuz gaindiko gainontzeko alderdiak sartzen baitira prozesura. Puntu horretara helduta kezka dezente izan zituztela aitortu dute egileek. Hasteko, gaiagatik beragatik. Elortza: «Ertz diferenteak dituen gai bat da drogarena: historia humanoa dago, bakoitzak drogaren aurrean har ditzakeen hautuak; badaude drogaren inguruan mugitzen diren interesak ere, ekonomikoak, politikoak; 1980ko Euskal Herria eta heroinaren kasua kontuan hartuta, horrek familietan, herrietan eduki duen eragina, eta zenbateraino geratu diren etxe barruan, estigmatizatuta, pertsona horien bizitzak eta, kasu larrietan, heriotzak. Gai delikatuak dira, buruhauste dezente eragiten dutenak».

Gaiarekin nola, istorioa kontatzeko aukeratutako generoarekin ere aritu dira borrokan. Aingeru izeneko gazte baten bilaketa da abiapuntua; tekno jaialdi batean zaldi urdina izeneko droga bat saltzen dio beste gazte bati, eta koman sartzen da hura. Orduan egiten du alde Aingeruk, eta atzera kontaketa bat bihurtzen da kontakizuna. Elortza: «Hasieratik aukeratu genuen road movie bat izango zela, eta horrek lege batzuk betetzea eskatzen du; aurreko antzezlanetan ez zitzaigun gertatzen hori». Korapilo horiek askatzeko, bi egun igaro zituzten idazle biek, Fuchsek eta zuzendari laguntzaile modura aritu den Ainara Gurrutxagak, fuchstarren gurasoenean, Larzabalen (Nafarroa Beherea). «Egun bitan apenas idatzi genuen ezer; eskema bat. Baina han erabaki ziren gauza inportanteenak. Gero, guk beste hilabete bat eduki genuen han adostu eta eskematizatutako gidoi hari, hezur hari, haragia jartzeko».

Dokumentazio lanak garrantzi handia izan badu ere, hasieratik oso garbi izan dute gaur egunean girotutako istorio bat izango zela. «Ez da 80ko urteen gaineko istorio bat; entzun dut dezente heroinari buruzko obra bat dela, eta ez da. Ez da drogei buruzko istorio bat ere; hori esatea unibertsoari buruzko istorio bat esatea moduan da», ohartarazi du Iturriagak, eta idazterakoan erabakiak hartu behar direla azpimarratu. Hori izan zaie konplexuena: «Drogak hartu, eta dena sartu nahi dugu. Eztabaidak hor izan ditugu; ze alderdiri eman pisua, zer utzi albora. Obraren mesedetan, hautuak egin behar dira, jakinda kontatzen ari zarena istorio bat dela azkenean».

Agerian ala ez, baina hor

Hasieran irudikatutako pertsonaia batzuek azken unera arte eutsi diote agertokian, eta badira bidean eraldatu eta desagertu direnak ere. Hiru belaunaldi agertzen dira: gaurko gazteak, haien gurasoak eta protagonistaren amona. Iturriaga: «Horrek azkeneko 40-45 urteak kubritzeko marjina eman digu; haien bizialdietan presente egon diren gaiak mahai-gaineratzekoa». Egileen asmoa ez da izan iraganari begiratzea, baina iragana badagoen neurrian, badago hari begiratzeko modu bat ere. «Agian oraindik ez gaude iragana disekzionatzeko moduan, baina gauza batzuk jada argi daude: honek itzelezko mina utzi du herri askotan; estatua eta indar poliziala tarteko izan dira; eta, batez ere, hildako pila bat daude, eta, 40 urte geroago, hor jarraitzen duen estigma bat».

Ez zaie arrotza gaia, eta horrela sentitzeak ere zeharkatu du idazketa. Iraganari dagokionez, 1980ko urteetan Durangon bertan droga trafikoa eta haren askotariko ondorioak bistakoak zirela diote; umeak baziren ere, ondo gogoan dituztela. Bi herrikideri entzundako esan bana gogoan izan du Iturriagak: «Batek zioen ea noiz aldarrikatu behar ditugun hildako horiek, bonbardaketan baino gehiago izan zirenak. Eta beste batek zihoen: 'Frankismo garaitik gentozen, dena debekatuta egotetik dena libre izatera igaro ginen, eta askatasuna kudeatzea gaitza da ez badaukazu esperientziarik'. Bi esaldi horien filosofia presente dago obran».

Orainera etorrita, eta droga «suntsigarriek» zein «zoragarriek» gaurko gizartean jarraitzen dutela jakitun, alde argi bat nabarmendu du Iturriagak: «Ordukoa oso gauza ikusgarria zen; jonkiak kalean zeuden. Gaur egun, gertatu da inbisibilizatu egin dela. Egungo ume batek ez du bisualizatuko, baina, modua beste bat den arren, kontsumoak eragiten duen triskantzak hor jarraitzen du».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna