Nola jorratu kultura landagunetik

Landa eremuko kultur eskaintzaren eta sorkuntzaren oztopoez gogoetatu dute Xabier Erkiziak, Antton Lukuk, Mikel Ozkoidik, Joseba Otondok, Oskia Ugartek eta Marc Badalek, Arizkunen.
Arizkungo Gamioxarrea dolare etxean egin zuten mahai ingurua, herenegun.
Arizkungo Gamioxarrea dolare etxean egin zuten mahai ingurua, herenegun. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Rubio Iturria -

2020ko otsailak 14

Ekoizpen kulturalean, landa eremuak ez du ahotsik; txotxongilo baten modukoa da». Marc Badal landaguneko ikertzaile eta dinamizatzaileak 30 lagun inguru elkartu zituen herenegun Arizkungo (Nafarroa) Gamioxarrea dolare etxean. «Sabeliztunen antzera, ahots urbano batek mugiarazten dio ahoa». Kultur sorkuntza eta landa eremuko dinamikak solasaldia antolatu zuen bertan, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan hiru egunez gai horri buruz eman duen ikastaroa amaitzeko.

«Kontua da ea landa eremutik sortutako kulturak balio ote duen estereotipoekin hausteko», egin zuen galdera Badalek. Alboko aulkietan eserita zituen Xabi Erkizia musikari eta sortzailea, Antton Luku idazle eta antzerkigilea, Mikel Ozkoidi Nafarroako Kultura Saileko kidea, Joseba Otondo Baztango alkatea eta Oskia Ugarte Uharteko Arte Garaikidearen Zentroko zuzendaritzako kidea.

Kanpo begiradaren zama astuna dela ohartarazi zuen Baztango alkateak. «Nahi duen bezala ikusiko zaitu kanpokoak, nahi duen estereotipoarekin. Baina hemen afera da kanpokoaren ikuskeraren eta aurrejuzguen arabera jokatzen hastea. Hori da makurrena». Begirada horrek baldintzatzen baitu landaguneetako kultur eskaintza eta kontsumitzeko era, ziurtatu zuen Lukuk. Agerikoa da hori Donibane Garazin, dioenez. «Merkataritza hiria da, eta animazio guztiak beti dira besteentzat, turistentzat. Bertakoak kulturarekin interesatzen badira, kontsumoaren ikuspegitik egiten dute, Baionan diren gauzak ukaiteko eskubidea dutela erranez, eta argi ulertu behar da kultura frantsesaz eta hiritarraz ari direla. Jende kultua izatea hori kontsumitzea baita».

Ikuspegi horrek badu bestelako ondorio bat, Badalen ustez. «Landa eremuetan, ematen du bakarrik proposamen ludikoak eta hedonistak egiten ahal direla. Norbere burua pertsona bezala lantzeko kultura, hori hiriko kultureten gauza baita». Eta programatzeko moduak ere sustatzen du molde hori, Ozkoidiren hitzetan. «Administrazioarentzat errazena da goitik behera programatzea, eta hori eskaintzea. Azpitik programatzeko, denbora gehiago behar duzu, eta gustukoa zer den jakin. Ausardia ere behar da, baina, jendea hezi gabe, ezin duzu zer edo zer oso esperimentala bat-batean norabait eraman. Horregatik, uste dut askotan errazenera jotzen dela».

Sortuz eta arituz

Uharteko zentroko Oskia Ugartek sortzaileengandik urruti ikusten ditu, maiz, programatzaileak, are gehiago landagunean. «Oso atsegina eta adeitsua den hori programatzen dute, orokorrean. Eta uste dut hori gertatzen dela programatzaileak ez daudelako sorkuntza taldeetan, sortzaileen ondoan». Erkiziak ere sumatzen du sortzaileekiko eta publikoarekiko distantzia hori. «Programatzaileak badu halako jarrera bat: 'Nik emango dizut jaten, eta gosea baduzu, hartu'».

Erkiziaren iritziz, ahalik eta jende gehien erakartzeko irizpidea gailentzen da, horregatik, kultur eskaintzetan, eta antolatzaileek formatu finko eta ezagunen alde egiten dute. Baita herrietan ere. «Herriko kultur dinamikaren izenean, ondoko herriko talde berak ekarriko ditugu gurera, han jende mordoa ekarri zutelako. Baina zertarako? Kontsumo produktu bat balitz bezala pentsatu beharrean, pentsa dezagun nola sortu guretik, jendearen baimenaren beharrik gabe». Hala sortu zuten Beran Ertz bertze musiken jaialdia. «Ertz existitzen da musikari komunitate bat egon delako behar batzuekin, gauzak kontatzeko bertze gogo bat zuena, pentsatu gabe norentzat izanen zen».

Jarduteko molde horrek bertzelako ateak zabaltzen dituela ziur da Erkizia. «Kulturak balio dezake definitu gabe dagoen horretan arreta paratzeko, eta definitzeko dagoen horretan baratze emankor bat topa daiteke; ez bakarrik estetikoa, baizik eta ondorioak dituena inguruko ekoizpen sistemetan, gauzak egiteko moduetan, gizartean, politikan...».

Kultura, Badalentzat, komunitatea josteko haria ere bada, harremanen sarea indartzeko baliagarria delako. «Kulturak funtzio komunitario bat betetzen ahal du». Bat dator Baztango alkatea: «Egungo gizarte zatikatu hauetan, bereziki garrantzitsua da taldekotasuna indartzea prozesu eraldatzaileak bultzatzeko, eta, horretan, sorkuntza kultural jakin batek —ez guztiek— lagundu dezake». Ez da aski sortzearekin, ordea. Herritarrek argi izan behar dute tokian tokiko kultura bertakoentzat dela.

Horren adibiderik gorenetakoak dira pastoralak, Lukuren aburuz. «Ez da Zuberoan pertsonarik ez duena onartzen pastorala dela urteko ekintza kultural inportanteena. Egun batez pastorala kausitzen zaizulako herrian, eta ez duzu hauturik, parte hartu behar duzu. Eta hor zarela, hurrengoan joaten zara bestea ikustera». Landa eremuan beste sortze ikuspegi bat dagoela erakusten dute pastoralek. «Nekazarien pentsamenduarekin du lotura: jan nahi baduzu, egin behar duzu. Ezin zara supermerkatura joan. Eta kulturarekin gauza bera gertatzen da».

Parte hartzeari eta prozesuari garrantzia eman behar zaiola: ados dira horretan solaskideak. Landa eremuko kultur dinamiken ikuspegia aldatzeko gakoa izanen baita, Lukuren ustez. «Kultura hori guretzat [landagunekoentzat] dela sinesten ez badugu, kanpokoentzat izanen da».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Ramuntxo Berri tabernan egondako 683 laguni proba egin zieten herenegun, Okendo kultur etxean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Urkullu: «Pertzepzio orokorra dago pandemia ez dela gure kontua»

Joxerra Senar

Azken orduetan 492 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, eta Nafarroan herritar bat hil da

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Erantzukizunerako» deia egin du Iñigo Urkulluk

Joxerra Senar

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ohartarazi du «denen artean ahal den guztia» egin behar dela lehen olatuan bizitako egoera dramatikora ez itzultzeko.

Osasun langileak, atzo, PCRak egiten, Okendo kultur etxean. ©G. RUBIO / FOKU

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

Olatz Esteban Ezkati

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

Olatz Esteban Ezkati

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna